Hogeigarrenez herriko kirolari onenak saritzera

Maialen Regueiro 2019ko abe. 5a, 11:20

Datorren abenduaren 20an, Oñatiko Kirol Sariak banatzeko ekitaldia izango da eta herritarrek Axier Alonso, Danel Casais eta Beñat Guridi kirolarien aldeko botoa emateko aukera izango dute, abenduaren 9tik 18ra bitartean, udal atarian.

2019ko Kirol Sariak abenduaren 20an banatuko dituzte, udaletxean, hogeigarrenez. Ekitaldian, urtean zehar herrian nabarmendutako kirolariak sarituko dituzte. Herritarren saria jasotzeko aurtengo hiru hautagaiak hauek dira: Axier Alonso, mendiko eskiko Euskal Herriko txapelduna izateagatik; Danel Casais, denboraldi borobila egiteagatik; eta Beñat Guridi, gazte mailan 1.500 metroko Euskadiko txapelduna izateagatik. Herritarrek euren botoen bitartez erabakiko dute zein den herriko kirolaririk onena. Botoa abenduaren 9tik 18ra bitartean eman ahalko da www.oñati.eus atarian. Gainera, botoa ematen duten herritar guztien artean, bi lagunendako afaria zozkatuko dute.

Hautagaien poztasuna

Herritarren saria jasotzeko hiru hautagaiek "pozik" hartu dute hautagaitza. "Edozein esker on jasotzea pozgarria da, baina herriaren aldekoa denean are pozgarriagoa da", adierazi du Alonsok. Mendiko eskiko Euskal Herriko txapelduna izan da Alonso eta hautagaitza horrekin "mendiko eskian izandako bizipen politak" etorri zaizkio gogora. Casaisek ere "pozik" hartu du sari hau jasotzearen hautagaitza. "Hainbat lesio izan ditut eta ez da urte erraza izan". Hori da, hain zuzen, Casaisek hautagaitza ez espero izatearen arrazoia, baina urte osoko lana baloratu dutela sentitu du. Izan ere, Casais Euskal Selekzioarekin izan zen Kataluniako txapelketan eta emaitza onak lortu zituen. Ondoren, beste lasterketa batean min hartu zuen eta denboraldia bertan amaitu behar izan zuen. Azkenik, Guridik "harriduraz" hartu du kirolari onenaren hautagaitzaren albistea. "Ez nuen inondik inora espero, baina pozik hartu dut albistea”. Guridi Euskadiko txapelduna da gazte mailan, 1.500 metrokoan.

Epaimahaiaren sariak

Herritarren botoei esker emandako sariez gain, epaimahaiak 2019an zehar nabarmendutako kirolari, talde, entrenatzaile eta ibilbide onenak sarituko ditu. Aipamen berezientzako tartea ere izaten da ekitaldian –iaz lau aipamen berezi banatu zituzten–. 2018an, Aimar Erostarberi eman zioten kirolari onenaren saria, plater tiroketa taldeari talde onenarena, Jon Odriozolari zuzendari onenarena eta Anton Sierrari ibilbide onenarena. Aipamen bereziak, berriz, Garazi Erostarbek, Xabi Murgiondok, Xabier Infantek eta Xabi Letek jaso zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak