Denboraldiko lehen garaipena lortzeko gogoz

Maialen Regueiro 2019ko aza. 29a, 12:44
Mekalki Aloña Mendiren eta Bosteko Irauliren arteko partidua, Zubikoan

Denboraldian jokatutako partidu guztiak galdu ditu Mekalki Aloña Mendik. bihar, Aitor Ugarteren mutilek lehen garaipena eskuratzeko aukera izango dute, 18:00etan hasita, Zubikoan. oñatiarrek Askartza Klaret taldea izango dute aurrez aurre.

Urri hasieran, denboraldia abiatzeko zeuden Aitor Ugarteren mutilak, eta Mekalki Aloña Mendiko entrenatzailea honela mintzatu zen bigarren maila nazionalean hastear zegoen esperientziaz: "Taldea gogotsu dago maila berrian jokatzeko, baina kontziente gara ez dela iazko kategoria eta taldeen maila altuagoa izango dela". Gauzak horrela, eta denboraldian jokatutako sei partiduak galduta, honako hau adierazi du Ugartek: "Taldea denboraldi hasierako ilusio berarekin dago. Egia da egin ditugun akatsetatik ikasi behar dugula eta mailari neurria hartu behar diogula, hainbat partidu detaile txikien eraginez galdu ditugulako". Modu horretan, Ugarteren mutilek bihar etxeko zaleen aurrean izango dute aukera denboraldiko lehen garaipena lortzeko. Izan ere, oñatiarrek Askartza Klaret taldearen bisita jasoko dute, 18:00etan, Zubikoa kiroldegian.

Denboraldi-aurre "beltza"

Ugarteren esanetan, denboraldi-aurrean izandako bizpahiru lesioek asko baldintzatu zuten taldearen denboraldi hasiera: "Denboraldi-aurrea beltza izan zen guretzat. Min hartutako jokalariak poliki-poliki ari dira errekuperatzen eta taldea kontziente da %100ean egotera iristen garenean emaitza hobeak lortzen hasiko garela".

Akatsetatik ikasi beharra

Ugartek aitortu du orain arte jokatu dituzten partidu askotan "irabaztekotan" egon direla: "Baina azkenengo momentuko akats txiki baten eraginez galdu izan dugu partidua eta horietatik ikasi beharra daukagu. Unamuno taldearen aurka, esate baterako, aukera asko izan genituen partidua irabazteko, eta luzapenean bi baloi galdu genituen, eta, azkenean, lau puntuko aldeagatik galdu genuen".

Bihar, zaleen aurrean

Mekalki Aloña Mendik bihar du denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko beste aukera bat. Ugartek aitortu du taldearentzat "garrantzitsua" dela zapatu batean 18:00etan jokatzea: "Zubikoan sortzen den giroagatik. Ez da berdina domeka batean 12:00etan jokatzea edota zapatu batean 18:00etan. Izan ere, zaleen babesak beti laguntzen du partiduan aurrera egitera". Horrekin batera aipatu du taldea "gogotsu" dagoela talde on baten aurka jokatu eta aurrera egiteko, baina egoera honetan partidu bat irabazteak garrantzi bikoitza duela ere adierazi du: "Bolada txar baten ostean partidu bat irabazteak taldearen eboluzioan eragin dezake".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak