Lehen partidua irabazita, bide beretik segi guran

Maialen Santos 2019ko aza. 22a, 15:07

Aloña Mendi eskubaloiko senior emakumezkoen taldea, partidu baten ostean.

Jokatutako zazpi neurketetatik bakarra irabazi du Aloña Mendi eskubaloiko senior emakumezkoen taldeak, asteburuan Eraiken Eharialdea talde gasteiztarraren aurka jokatutakoa. Lehen garaipena lortuta, bide beretik jarraitu nahi dute aurrerantzean.

Joan den asteburura arte, eskubaloiko senior mailako emakumezkoek ez dute garaipenik lortzeko aukerarik izan. Denboraldia hasi zutenetik jokatutako zazpi neurketetatik bakarra irabazi dute orain artean, eta ez dute bat bera ere berdindu. Hain zuzen, joan den asteburuan jokatutako partiduan eskuratu zuen Aloñak lehen garaipena. Eraiken Eharialdea Gasteizko taldea izan zuten bisitan Zubikoa kiroldegian, baina 27-25 amaitu zen partidua oñatiarren etxean geratu zen, azkenean. Xabier Guridi taldeko entrenatzaileak adierazi duenez, "kostata, baina iritsi dira lehen bi puntuak".

Hamazazpi jokalarik osatzen dute taldea, eta horietako sei inguruk gazte mailatik senior mailara egin berri dute jauzi. Taldeak aldaketa nabarmena jasan du azken denboralditik hona bitartean, ikasketengatik edota kontu pertsonalengatik, jokalari batzuek taldea utzi behar izan baitute. "Aspalditik jokatzen zuten zenbait jokalari joan zaizkigu, eta, beraz, orain, talde gazteagoa dugu", azaldu du Guridik. Izan ere, taldearen batez besteko adina eta, batez ere, garaiera "nabarmen" jaitsi dira.

Mailari eustea erronka

Euskadiko txapelketa jokatzen dihardute Guridiren neskek, eta sarritan talde beteranoagoen aurka jokatzea tokatzen zaie: "Aurkari askok jokalari esperientziadunak dituzte, urteak daramatzate taldearekin jokatzen, eta, beraz, dagoeneko egokituta daude taldearen dinamikara". Alde horretatik, oñatiarrak esperientzia irabazten ari dira oraindik, eta, beraz, zenbait talderen aurka irabaztea erronka izaten da haientzat. Hain justu, mailari eustea dute helburu nagusi. "Ez genuke mailaz jaitsi nahi, mantentzea da aurtengo gure lehentasuna", dio Guridik.

Joan den asteburuan lortutako garaipenari esker "itxaropentsu" azaldu da eta taldeak bide horretatik jarraitu dezan gurako luke: "Behin lehenengoa irabazita, aurrera begira jarraitu gura dugu, partidu gehiago irabaztea".

Hobetu beharrekoen artean kanpoko tiroak hobetu beharko lituzke taldeak, entrenatzailearen aburuz. Baina hobetzekoak "beti" daudela iritzita, taldearen abilezietan jarri nahi luke fokua. Hain zuzen, berak zuzentzen duen taldea bereziki azkartasunean "trebea" dela uste baitu.

Asteburu honetan, bihar, Bera Beraren kontra jokatuko dute oñatiarrek aurkariaren etxean, eta, beraz, bigarren garaipenarekin etxera bueltatzeko aukera izango dute eskubaloiko neskek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak