Country & western musika generoko izar handienetako bat da Sarah Vista londrestarra eta hori garbi geratu da jotzen hasi den lehen momentutik. Musika entzungarria eta atsegina izan da oso gaur plazaratu duena, eta publikoarekin konektatzea lortu du. Gertuko eta eskertuta azaldu da uneoro, abestien artean azalpen xume eta zehatzak eginez –ingelesez–. Publikoari asko transmititu dio abeslariaren gertuko jarrera horrek. Aipatzekoa da ume ugari izan direla publikoan, eta abeslari ingelesak haiei ere eskertu die kontzertuan egon izana. Itxura ederra izan du gaurkoan gaztelekuak, eta giro ederra sortu da beste behin matinee emanaldian.