Iluna. Lausoa. Nahasia. Gogorra. Hunkigarria. Dinamikoa. Horia. Gorria. Urdina. "Gaia ezin hobe plazaratzen du obrak"; "guztiz identifikatuta sentitu naiz"; "muntaia bikaina, eta errealitatea ondo islatuta"; "asko gustatu zait ispiluen erabilera"; "ikaratu ere egin naiz momentu batzuetan". Orotariko komentarioak entzuten ziren bart, antzokitik ateratzen ari ziren ikus-entzuleen ahoetatik. Haien esanetan, ez du hutsik egin antzezlanak. Ordu eta hogei minutu inguru iraun du emanaldiak, eta publikoak txalo zaparradaz agurtu ditu antzezleak–.
Zaldi urdina (heroina) da ardatza, baina antzezlanak helarazi gura duen mezua orokorra da. Drogen eraginaz ohartaraztea eta sentsibilizatzea da helburua, nolabait prebentzioan eragin ahal izatea. Esan behar da, gainera, nerabe ugari egon zirela publikoan, eta horrekin oso pozik agertu dira aktoreak. "Atzoko kasua berezia izan zen, eta sorpresa atsegina hartu genuen. Izan ere, oso harrera beroa egin zigun publikoak eta horrez gain, jende gazte asko zegoen ikusleen artean. Hori oso motibagarria da guretzat", azaldu du Ander Lipusek, aktoreetako batek.
Gazteekin lotura zuzena duen gaia dela dio. "Drogak ikusi egiten dituzte, haiekin bizi dira nolabait. Eta beldurgarri izan daitezkeen modu berean, erakargarri ere izan daitezke. Antzezlanean 17 urteko gazte bat da protagonista eta badaude zenbait elementu gazteekin konektatzen dutenak. Ezagutzen ez duten errealitate batekin topo egiten dute jakiten dutenean belaunaldiak galdu izan direla drogaren ondorioz", adierazi du.