Musikegunak jardunaldien baitan, Esteban Urzelai zuzendari oñatiarraren Suhar abesbatzak ekimenaren hirugarren emanaldia eskainiko du domekan, 19:00etan, Santa Ana antzokian.
Gizon-abesbatza
Urzelai urtetan aritu izan da Ganbara Abesbatzan, baina hura utzi eta proiektu pertsonala sortzeko gogoa piztu zitzaion: "Euskal Herriak baditu gizon-abesbatza asko, nahiz eta azken urteetan gutxitu egin diren. Hutsune hori betetzeko asmoz sortu genuen Suhar, eta 24 abeslarik osatzen dugu taldea". Urzelaik azaldu duenez, gainera, Suhar abesbatzak maiatzean eman zuen lehen kontzertua, Donostian. Horren ondoren, Azkoitiko Musikaldian izan ziren eta hirugarren hitzordua domekakoa izango da.
Ganbarako kideak
Suhar abesbatzan diharduten 24 abeslaritatik bi Urzelairekin Ganbaran aritutakoak dira: Gorka Aranburu eta Aitor Biain oñatiarrak, hain zuzen. "Abesbatza osatzerakoan, lagunengana eta musika aldetik maila altua duten horiengana jo nuen. Azken batean, lagun kuadrilla bat osatu dugu". Horrez gain, gaur egun Ganbarako kide den Aitor Garitano bergararrak ere Suharren dihardu.
"Programa ederra" domekarako
Amaia Zipitria piano-jotzailearekin, Maite Arruabarrena, mezzosopranoarekin eta Juan Ignacio Emme biolontxelo-jotzailearekin "programa ederra" osatu du Suhar abesbatzak, non maitasuna, gaua eta natura izango diren protagonista.
Sarrerak salgai
Domekako kontzerturako sarrerak salgai daude, sei euro eta erdian, www.oñati.eus atarian eta txarteldegi digitalean.