Zapatu arratsaldean itxita egongo dira igerilekuak, txapelketagatik

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko aza. 15a, 08:27
Aloña Mendiko igerilari bat Zubikoako igerilekuan egindako proba batean parte hartzen.

Datorren urtean ez da igerilekurik egongo Oñatin eta ondorioz ez da Txantxiku saririk egongo. Ligako txapelketa saioak urtea bukatu aurretik egingo dira; bihar, zapatua, benjamin mailakoak lehiatuko dira. Igeriketa sailean, bestalde, jaitsi egin da igerilari kopurua.

Abuztuaren 1ean hasi zituzten Zubikoa handitzeko eta berritzeko lanak. Kanpoaldeko lanekin dihardute eta urtarrilean igerileku barrukoekin hasiko dira. Igerileku berriak egin arte ez da eremu bustirik egongo kiroldegian eta horrek eragin zuzena izan du, esaterako, Aloña Mendiko igeriketa sailean. Hauxe da Xabier Infante Artza-k emandako datua: "Egun, 84 igerilari daude taldean, benjamin mailatik hasi eta nagusietara. Normalean, baina, 140 inguru izaten dira sasoi honetan".

Bergarako igerilekura

Jaitsiera oso esanguratsua dela onartu arren, baikor da Artza etorkizunari begira: "Obrak egin bitartean, Bergarako igerilekuan egingo dituzte entrenamenduak hemengo igerilariek, eta normala da horrek jendea bultzatu izana aurten igeriketa uztera. Baina 2021ean ohiko taldea izango dugu".

Igerileku berriak izan arte, baina, Agosorrinera joango dira denboraldia hasi duten 84 igerilari oñatiarrak. "Txikienak astean birritan joango dira entrenatzera, maila ertaina dutenak astean hirutan eta nagusienak lautan edo bostetan", zehaztu du Artza-k. Entrenamenduak hango ordutegira moldatuta izango direla gaineratu du: "Oñatin goizeko seietan entrenatzen ziren asko, baina Bergaran arratsalde edo iluntzeetan dira prestaketa saio guztiak, eta ordutegi horietara moldatu behar dugu guk. Oñatitik Bergarara joateko autobus linea zuzenik ez dago eta gurasoekin egingo dituzte bidaiak igerilariek, gurasoak txandakatuz".

Txantxiku saririk ez

Igeriketa lehiaketei dagokienez, aurten ez da ekainean jokatu izan den Txantxiku saririk egongo. Bestalde, denboraldian zehar Oñatin egiten diren beste hiru lehiaketak urtea bukatu aurretik egingo dira: lehenengoa urrian izan zen, bigarrena zapatuan da eta hirugarrena abenduaren 14an izango da.

Zapatuko igeriketa lehiaketa benjamin mailakoena izango da. Oñatiko igerilariekin batera, Eibarkoak, Azpeitikoak, Azkoitikoak, Bergarakoak eta Legazpikoak lehiatuko dira, besteak beste. Alebin mailakoek, bide batez, Legazpin izango dute proba zapatu arratsaldean.

Itxita

Zubikoako zapatuko proba 15:30ean hasiko da, betiko orduan. Zapatu arratsaldean igerilekuak itxita egongo dira gainerako  herritarrendako. Goizean, baina, zabalik egongo da ohiko ordutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak