Goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte aritu ziren parte-hartzaileak lanak prestatzen, eta iluntzean Santa Ana antzokian aurkeztu zituzten egindako laburrak. Aitor Perosterena epaimahaikidetako batek azaldu moduan kalitate handiko lanak ikusi ahal izan ziren: "Urtetik urtera lan hobeak ikusten ditugu, eta hori pozgarria da".
Lehen sailkatuak
Guztira sei sari banatu zituzten ekitaldian. Lehen hiru sailkatuak epaimahaikideek erabaki zituzten, eta bestea, aldiz, publikoak. Aktore onenak ere saritu zituzten.
Delarrima taldea izan zen garaile; Kalabaza Productions eta Pikturs taldeak sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Ikus-entzuleek ekitaldian bertan emandako botoari esker Fraka motzak onenak dia taldeak eraman zuen publikoaren saria. Emakumezko eta gizonezko aktore onenaren saria ere banatu zuten: Ana Mari Lizeaga eta Jokin Atxaga izan ziren onenak.
Lehen hiru sailkatuek bereziki lan ona egin zutela azaldu du Perosterenak, ideia "garbi" batetik abiatuta "lan borobila" egin zutela iritzita.