Hemezortzi urte pasa dira 2001ean hiru gazte oñatiarrek Sharon Stoner taldea sortu zutenetik. Ibilbidean zehar, Iñigo Ibarrondo abeslari eta baxu-jotzaileak, Mikel Zarketa gitarristak eta Egoitz Olalde bateria -jotzaileak hiru disko kaleratu dituzte. Laugarrena, Erraietatik, gaur atera da argitara.
Diskoaren aurkezpena ere gaur bertan egingo dute, Antixeneko gaztetxean. Gaueko hamarretan Broken Legacy taldea igoko da agertokira, atera berri duen XIX diskoko kantuak abestera. Horren ostean izango da Sharon Stonerren txanda, eta, abeslariak aurreratu duenez, askotariko kantuak izango dira entzungai: "Disko berriko kantuak jotzeaz gain, azken urteetako abestiak ere eskainiko ditugu, jendeak denetarik entzun dezan". Diskoa emanaldian bertan erosi ahal izango da, bost eurotan –biniloa hamabostean–, eta bi taldeak ikusteko sarrerak gaztetxean bertan eskuratu daitezke, horiek ere bost eurotan.
"Ildo bereko" diskoa
2004an Debagoieneko Danbaka musika lehiaketako lehen edizioan parte hartu zuen taldeak, baita lehen saria eskuratu ere: diskoa grabatzeko aukera. Hala, 3.000 bira izeneko estreinako lana grabatu zuen taldeak. Ondoren etorri zen 13 taupada diskoa –2008an kaleratutakoa, zehazki–. Hirugarrenak –Puntu bakar batean elkartzen diren ertzak– inflexio-puntua eragin zuen talde oñatiarrarengan. Azken horren baitako kontzertu multzoa eskaini zuten, baina gerora nor "bere proiektuetan" murgildu zela aitortu du Ibarrondok. Duela bi urte itzuli ziren agertokietara; kontzertu gutxi batzuk eman zituzten, baina disko berririk ez, gaur arte. Zazpi urte pasa dira, beraz, azken diskoa kaleratu zutenetik.
Azken bi urteak eman dituzte Erraietatik lan berria prestatzen: "Grabaketa lanak 2018ko abenduan egin genituen, eta nahasketak gure kabuz egin ditugu".
Bederatzi kantuz osatutako diskoa dute orain esku artean; aurreko lanen "ildoa" galdu barik. Ibarrondok azaldu duenez, urteetako "esperientziak" eragindako hobekuntzez gain, taldeko jarraitzaileek ez dute aurreko diskoekiko "aldaketa handirik" antzemango: "Riff potoloak eta melodiak nabarmenak izango dira lan berrian".
Kontzertu gehiago
Datorren ostiralean, azaroaren 15ean, Tolosan izango dute hitzordua: Bonberenea gaztetxean izango dira Letagin talde oñatiarrarekin batera.