Sarek aurkeztutako mozioa izan da gaur egin den urriko osoko bilkurako puntuetako bat. Joseba Arregi preso oñatiarra aske gelditzeko eta hori gauzatu bitartean etxera hurbiltzeko eskaerak jasotzen ditu mozioak. Udalbatza osatzen duten alderdi biek onartu dute, aho batez. Sareko hainbat kide osoko bilkuren aretoan izan dira eta osoko bilkura bukatu denean hitza hartu dute eskerrak emateko. "Eskerrik asko, benetan, eta animo, hemendik aurrera ere denon indarrak beharrezkoak izango dira eta", esan du Ana Mari Markuletak guztien izenean.
Onartu dituzten beste puntu batzuen artean daude, esaterako: Okitaño baratze elkartearekin egindako lankidetza hitzarmena eta Torreauzoko auzo alkate berriaren izendapena.
Bidegorria
Galde erreguen tartean, EH Bilduko zinegotzi Xabier Igartuak hartu du hitza Udana azpitik Olakua auzo sarreraren bitartean dauden lau zubien konpontze lanen harira. Adierazi du, lan horiek aprobetxatuta, Olakua auzoko zubian bidegorria bertatik pasatzeko proposamena egin diotela Foru Aldundiari. "Enpresa bati esan diogu proiektua egiteko eta horrela aurkeztu diogu Diputazioari. Erantzun digu teknikoki posible dela, baina oraindik ez dute erabateko baimenik eman. Olakuatik Olabarta aldera doan bidegorria ez doa zuzen pare horretan, atzetik pasatzen da, eta gure proposamena da zubitik bertatik pasatzea. Gastuak udalak hartuko lituzte bere gain".
Jeltzaleen bozeramaileak, Ainhoa Galdosek, esan du beraiei ere ideia ona iruditzen zaiela bidegorria hortik pasatzea: "Orain hainbatek zuzen joaten dira eta arriskutsua da hori. Guk ere ondo ikusten dugu proiektu hori".