Musikaz haratago, Javier Corcobadoren eskutik

Maialen Regueiro 2019ko urr. 25a, 10:45

Javier Corcobado musikaria. (Irudia: Aintzane Aranguena)

Musikaren, literaturaren eta emozioen lanketa egiteko asmoz, saio linbikoa izango da gaur arratsaldean udal Liburutegian, Javier Corcobado artistak gidatuta. "kontzertu akustiko edota performance itxura" izango duen saioa 19:00etan hasiko da.

Asteon, Bibliotekaren Egunaren baitan hainbat ekintza egin dira Udal Liburutegian –ikasleen bisita gidatua eta txotxongiloen laborategia, esate baterako– eta horietako bat gaur arratsaldeko saio linbikoa izango da, Javier Corcobado musikariak gidatuko duena. Saioa Udal Liburutegian izango da, 19:00etan hasita.

Musika, literatura eta emozioak

Alemanian jaiotakoa, Madrilen bizitakoa baina gaur egun Errigoitin (Bizkaia) bizi den artista da Javier Corcobado. Arlo artistikoko hainbat modalitate lantzen ditu, musika, literatura eta poesia, besteak beste, eta horiek izango dira, hain zuzen, gaurko saioan landuko dituenak: "Idatzi ditudan poesia liburuetan oinarritutako saioa izango da, non ikusleak parte hartzera gonbidatuko ditudan". Poesia gaurko saioaren protagonista izango da, beraz, baina baita musika ere: "Jaime Yakaman nire gitarristarekin batera hainbat abesti abestuko ditut, baina egongo da sorpresatxorik".

Ikusleen parte-hartzea

Corcobadok horrelako saio gehiago gidatu ditu dagoeneko; horregatik, garrantzitsutzat jotzen du ikusleen parte-hartzea: "Musika, poesia eta drogei buruzko saioak eman ditut estatuko zein Mexikoko hainbat unibertsitatetan, eta kasu horietan, ikusleak parte hartzeko prest egotea ezinbestekoa izaten da; izan ere, saioa gidatzen dugunok beti eramaten dugu aurrez zerbait prestatuta abiapuntu gisa, baina inprobisaziorako denbora egotea ere ondo dago. Horregatik, aurreratu dezaket gaurko saioa ez dela aspergarria izango eta kontzertu akustiko edota performance itxura hartuko duela". Amodiozko kantu melankoliakoak abestuko ditu Corcobadok gaur arratsaldeko saioan; horregatik, "emozioendako tarterik" ere izango dela aipatu du.

'Somos demasiados' lan berria

Somos demasioados izeneko lan berria kaleratuko du Corcobadok azaro hasieran, biniloan eta digitalean. Behin lan berria aurkeztuta, 2020ko otsailean edo martxoan kontzertu birari emango dio hasiera bere taldearekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak