Zubillagatik Zumarragako tren geltokiraino eskeiniko du zerbitzua autobus lineak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urr. 23a, 09:07

Zumarragara joango den autobus zerbitzuaren erabiltzaile bat postetxeko geltokian

Oñati eta Legazpi arteko bidea egiten duen autobus linea Zumarragaraino joango da gaurtik, eguaztena, aurrera. Zumarragako tren geltokian eta Zubillagan ere izango dira geltokiak. Horretarako, autobus bat gehitu diote zerbitzuari. Erabiltzaileen datuei buruz, aurreko astean, batez beste, eguneko 32 bidaiarik erabili zuten zerbitzua. Albiste barruan duzue ibilbidea eta ordutegi berria.

Udanako bide mozketak herritarrengan eragindako kalteak leuntzeko lanean jarraitzen du udalak, aukera berriak aztertzen. Hala, moldatu egin dute Oñati eta Legazpi arteko linea eta gaurtik, urriak 23, aurrera Zumarragaraino iritsiko da. Eta Zubillagan ere izango du geltokia.

Urriaren 9an jarri zuten Legazpi eta Oñati arteko autobus linea bi herrietako udalek elkarlanean gauzatuta. Ordutik hona izandako erabilerari buruz irakurketa positiboa egin du Oñatiko Udalak. Dio, aurreko astean, esaterako, batez beste, eguneko 32 bidaiarik erabili zutela zerbitzua. Aipatu du ostirala izan zela erabiltzaile kopuru handiena izan zuen eguna; 38 pertsonek. Hain zuzen ere, goizeko eta eguerdiko zerbitzuak dira erabilienak Legazpi eta Oñati arteko linean; eta arratsaldekoa Oñati-Legazpi linean.

Zumarragaraino orain

Gaurtik aurrera autobus zerbitzua Zubillagatik Zumarragako tren geltokira artekoa izango da. "Uste dugu egindako aldaketek mesede egingo diotela zerbitzuari. Besteak beste, autobus geltoki berriak eskainita (Olabarrieta, Zubillaga eta Zumarraga), herritar gehiagori izan dakioke erabilgarri zerbitzua eta erabiltzaileen profila zabal daiteke. Gainera, zerbitzuan egindako moldaketek ez lukete Oñatiko Udalaren kostua handituko; esan gabe doa asteazkenetik aurrera hiru ginatekeela zerbitzua ordainduko genukeen udalak: Oñatiko Udala, Legazpiko
Udala eta Zumarragako Udala. Bestetik, Goierri Bus-en eta Apaolaza-ren esku legoke zerbitzua eskaintzea. Zehatz esanda, Apaolazak egingo du ordu tarteetako lehen zerbitzuko joan etorria; eta, Goierri Busek, bigarrenarena", zehaztu du Oñatiko Udalak.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak