Bederatzigarren urtez, ziklo-kros taldea izango du Oñatiko Aloña Mendi Kirol Elkarteak, eta gaur iluntzean egin dute taldekideen aurkezpena. Sei txirrindularik osatuko dute denera taldea: Katede mailan, Aimar Madinak, Xabat Kastañosek eta Markel Zubiak; Junior mailan, bestalde, Unai Cuevak, Aimar Erostarbek eta Aritz Torresek. Ziklo-krosean ibiltzeaz gain, denek ere parte hartzen dute errepideko lasterketetan. Zuzendariak, aldiz, Josu Alberdi, Iker Arkauz eta Julen Arkauz izango dira.
Katede eta Junior mailan taldeak izaten aitzindaria da Aloña Mendi. "Ziklo-krosean aritzen diren mutilek laguntza behar izaten dute, eta aurtengo denboraldian ere laguntza hori ematea da gure asmoa ", azaldu du taldeko arduradun Ruper Arkauzek, eta gaineratu: "Denboraldi honetarako helburuak, beti bezala, txirrindulariek ikastea eta gozatzea dira". Arduradunaren esanetan, asmoa ez da lasterketak irabaztea, baina taldea txirrindulari lehiakorrek osatzen dutela nabarmendu du: "Joan den astean lehen lasterketa izan zen Orduñan, eta Junior mailako hirurak lehenengo hamabosten artean sailkatu ziren. Guk ezer eskatu gabe aurrean ibiltzeak zerbait esan gura du".
Oñatiko lasterketa, abenduaren 15ean
Taldea ateratzeaz gain, aurten ere ziklo-kros lasterketa antolatuko du Aloña Mendik. Abenduaren 15ean izango da, aurrekoetan bezala, Urrutxun. "Bere garaian, ibilbidean eskailerak jarri genituenean parte-hartzaile batzuk kexatu egin ziren arren, eguna ikono ere bihurtu dira. Asmoa da zirkuitua ahalik eta berdinen mantzentzea: azkarra da, teknikoa, eta ikusteko polita", azaldu du Arkauzek.