Finalerdien "tentazioari" uko ez egiteko lehiatzera

Maialen Regueiro 2019ko urr. 18a, 11:20

Maider Arregi bertsolari oñatiarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdenean arituko da, hilaren 20an, domeka, Irungo Amaia kultur zentroan, 17:00etan. Bertsoak hainbat ikuspuntutatik abestea du helburu Arregik.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenak jokatuta, asteburu honetan hasiko dira final-laurdenetako saioak, eta Maider Arregi bertsolari oñatiarra horietako batean arituko da. Domekan, Irungo Amaia kultur zentroan eta 17:00etan hasita, beste bost bertsolarirekin jardungo du oñatiarrak: Agin Laburu, Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Iñigo Izagirre eta Unai Gaztelumendi.

Domekako saioa

Arregi beste bost bertsolarirekin batera arituko da domekako final-laurdeneko saioan, eta hurrengo fasera pasatzeko aukera "tentagarria" dela adierazi du. "Hala ere, ez nago lehiari eta sailkapenari begira", aitortu du oñatiarrak. "Txapelketa hau bozgorailu gisa ulertzen dut, herritar askorengana iristeko aukera dugulako. Horregatik, nire helburua da bertsoak diskurtso eta ikuspuntu ezberdinetatik abestea; feminismotik, besteak beste" aipatu du. Domekako saioan aurkari izango dituen bertsolariei dagokienez, hauxe esan du Arregik: "Nirekin batera arituko diren bertsolari gehienak ez ditut ezagutzen, baina oso onak direla uste dut eta horrek, zelanbait, urduritasuna sortzen dit. Edozelan ere, saio ona egingo dugulakoan nago".

Txapelketan "gustura"

Irailean hasi zen aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Arregik "gustura" dabilela aitortu du: "Nire bertsokera baloratzen dutela sentitzen dut".

Finalaurreko saioak

Txapelketa honetan, guztira, hiru finalaurreko saio izango dira: Arrasaten –azaroaren 17an–, Oiartzunen –azaroaren 24ean– eta Tolosan –abenduaren 1ean–. Azkenik, finala abenduaren 14an izango da, Donostian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak