Udal ordezkariek elkarrateratzea egingo dute eguerdian Kataluniari elkartasuna adierazteko

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urr. 18a, 09:58
Udal ordezkariak irailaren 10ean egindako osoko bilkuran

Oñatiko udal ordezkariek elkarretaratzea egingo dute gaur, 12:00etan, udaletxe aurrean. Kataluniako politikarien aurka Espainiako Auzitegi Gorenak publiko egin berri duen epaia salatzea, eta, oro har, Kataluniari elkartasuna adieraztea da asmoa. Honi lotuta, adierazpen bateratua onartu dute Oñatiko udalbatzako ordezkari politikoek. Albiste barruan duzue adierazpena.

Kataluniako politikarien aurkako epaia salatzeko elkarretaratzea egingo dute Oñatiko udal ordezkariek ostiralean

EH Bilduren ekimenez, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren kontrako adierazpena adostu dute Oñatiko Udaleko ordezkari politikoek

Oñatiko udal ordezkariek elkarretaratzea egingo dute ostiralean (urriak 18), 12:00etan, udaletxe aurrean. Era horretan, keinu egiten diote Espainiako Auzitegi Gorenak zenbait politikari katalanen kontra emandako epaiagatik Katalunian deitua dagoen greba egunari. Modu berean, epaia bera salatu gura dute Oñatiko udaleko ordezkariek, Kataluniako herriari elkartasuna adieraztearekin batera. Eta elkarretaratzean parte har dezaten dei egiten diete herritarrei.

Horretan geratu barik, epaiaren kontrako adierazpen bateratua adostu dute Oñatiko Udaleko ordezkari politikoek (EH Bildu eta EAJ), EH Bilduren proposamenez. Hain zuzen ere, halaxe dio adierazpen instituzionalak:

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuaren harira emandako epaiari lotuta:

  • 1. Oñatiko udalbatzak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, adierazten du urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegi izan zela, eta Kataluniak bezala, Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
  • 2. Oñatiko udalbatzak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.
  • 3. Oñatiko udalbatzak nabarmentzen du Kataluniako ‘Proces’-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.
  • 4. Oñatiko udalbatzak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Espainiako Estatuaren erantzun bortitzak, herrien borondatea era demokratikoan eta baketsuan erabakitzea mozten baitu, arazo politikoari tribunalen indarrez, 155.
    artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez, eta herriari galdetu beharrean.
  • 5. Oñatiko udalbatzak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzatela, eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzatela.
  • 6. Oñatiko udalbatzak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta gipuzkoarrei dei egiten diete bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

Bestetik, Oñatiko udalbatzak herritarrei dei egiten die Gure Esku Dagok larunbaterako Donostian antolatua duen elkarretaratzearekin bat egitera -17:30ean hasiko da protesta ekimena, Antigua auzoan-.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak