EAJko udal taldeak adierazi du hobariak eskatu dituela 2020ko udal zergetan. Bidalitako prentsa oharrean dio Udal Gobernuak KPIaren araberako igoera bat proposatzen duela, %0,67koa, eta proposamen hori aztertu ostean erabaki dutela hobariak eskatzea "helburu desberdinekin, esaterako, igurumenaren zaintza sustatzea edota jarduera ekonomikoa bultzatzea".
Prentsa oharrak jasotzen duen moduan, ingurumenaren zaintza bultzatzeko, bi hobaritan aldaketak eta salbuespen bat txertatzea proposatu du EAJk. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak jasotzen dituen bi hobaritan proposatu dituzte aldaketak. Batetik, ibilgailu hibridoei eragiten dien hobaria %50etik %75era igotzea eskatzen dute eta bestetik, elektrikoei dagokiena, %75etik %95ra. "Hobari horien bidez mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua egiten du EAJk, energia iturri garbiagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak sustatuz".
Garapen jasangarria helburu hartuta, jeltzaleek, OHZn 15 urtez salbuetsita egotea eskatzen dute, "erregelamenduz zehaztuko diren hazkunde moteleko espeziez landatutako mendien azalerak, bere aprobetxamendu nagusia zura edo kortxoa denean, baldin eta zuhaiztiaren dentsitatea espezie horri berez dagokiona bada. Proposamen horrek helburu du, Oñatin hain ugariak diren baso eremuetan hazkunde moteleko espezieen landaketa sustatzea eta baso zaindu eta jasangarrien aldeko apustua egiten dutenak laguntzea".
Ekonomia jarduerari "eta, bereziki, merkataritza eta ostalaritza laguntzeko" hobariak ere proposatu ditu EAJk, oharrak dakarren moduan. Proposamenok bi ataletan egin dituzte, batetik, jarduera ekonomikoaren gaineko zergan eta, bestetik, zabor eta hiri hondakin solidoak etxez etxe biltzeagatiko tasan. Lehenengoari dagokionez, jeltzaleek %50erainoko hobaria proposatzen dute bi kasutan: batetik, jarduera garatu den bigarren zergaldia amaitu ondorengo lehen bost urteetan, edozein jarduera ekonomiko hasi eta gutxieneko udal kuota ordaintzen dutenentzat eta, bestetik, subjektu pasiboek gutxieneko udal kuota ordaintzen dutenean eta hobaria aplikatu aurreko lehen zergaldian jardueratik lortu duten errenta edo etekin garbia negatiboa edo ordenantza fiskalak ezartzen duen zenbatekoa baino txikiagoa denean. Bestalde, zabor bilketaren tasari dagokionez, "merkataritzan eta ostalaritzan, kontratazioak laguntzeko asmoz, langile kopuruaren araberako hobariak" proposatzen dituzte.
Babes ofizialeko etxebizitzek OHZn duten %50eko hobariaren iraupena hiru urtetik bostera igotzea eta kirol ekintzetako tasetan (igerilekua, frontoia, tenis pista, etab...), tasaren murrizketarako adin muga 21 urtetik 23 igotzea ere proposatzen dute. "Lanean hasteko adinaren igoera eta gazteen lan baldintzak hartzen ditu aintzat azken proposamen honek". Kirolari lotuta, kiroldegiko tasen
berrantolaketa eskatzen dute, "azken sei urteetan egin duten bezala, udal gobernuak 2011-2015 legealdian eskatu eta ordaindutako
txostenean Kirol-Management-ek aholkatu bezala".
Jeltzaleek diote oharrean "udal gobernuak egindako proposamena hobetzeko asmoz eta oñatiarren interesen defentsan" egin dituztela eskaera hauek eta "erabat egingarriak eta zentzuzkoak" direla gaineratu dute.