Irailaren 22an egin zen Aire Libreko Pintura Lehiaketaren harira jarri dute erakusketa kultura etxean. Hain zuzen, lehiaketa horretako parte-hartzaileen lanak eta zenbait oñatiarrek egindakoak daude, Bixente Elgero pintura ikasleak adierazi moduan: "Lehiaketan parte hartu zutenez gain, urtean zehar pintura eskoletan aritu garenen bina lan jarri dugu". Guztira, haur eta helduen 58 lan bildu ditu Oñatiko Margo Taldeak antolatutako erakusketak.
Batik bat, olio pinturaz egindako margolanak ikus daitezke, margo akrilikoz edota akuarelaz egindakoak ere badauden arren. Horretaz gain, gai berari jarraiki egindako lanak dira gehienak, Oñati herrian oinarritutako lanak egin behar izan baitzituzten lehiaketarako, eta, beraz, ildo horretakoak dira erakusketan jarrita dauden lanetako asko. "Gehienek paisaiak margotzeko joera izaten dute, baina herriko eraikinek ere indar handia hartu dute erakusketan", azaldu du pintura-zaleak.
Ikasturte berria, hasteke
Azaroaren 1ean hasiko da aurten pintura ikasturtea, eta, urtero legez, aurrez eman beharko da izena –oraindik ez da izenemate epea zabaldu–. Bidebarrietako lokalean jasotzen dituzte eskolak, eta iaz "taldetxoa" elkartzen zirela azaldu du Elgerok: "22 pertsonako taldea osatu genuen, guztiak adinez nagusiak, baina, era berean, adin desberdinetakoak".
Luis Laskurain margolari bergararra arduratu zen eskolak emateaz, iazko ikasturtean, eta aurten ere bere gidaritzapean abiatuko dute kurtso berria: "Teknikak erakusten dizkigu, lehenik, eta gero, guk marrazkia egiten dugu, amaieran margotu ahal izateko".
Helduena ez ezik, haurren ikasturtea ere egongo da aurten; beraiek ere izango dute teknika ezberdinak ikasi eta horiek margolanetan aplikatzeko aukera.