"Esperientzia polita eta berezia izan da, asko ikasi dut bai profesionalki eta pertsonalki zentzu askotan. Asko markatu nauen esperientzia izan da", dio Aiert Alberdi abeslari oñatiarrak. 13 urte ditu, eta astelehenean Antena 3 telebista kateko La voz kids saioan parte hartu zuen; honelako saio batean parte hartzen zuen lehen aldia izan da.
Aretxabaletako lehengusinaren bitartez izan zuen saioan parte hartzeko casting-aren berri, eta izena ematera ausartu zen; geroztik, hainbat casting pasatu ditu, horietako batzuk Madrilen, eta, azkenik, La voz kids saioko lau coach-en aurrean abestera iritsi zen. Familia osoa gerturatu zen saiora eta une oro alboan izan zituen. "Nire gurasoek eta familiak beti babestu izan naute; zerbait benetan lortu nahi badut, beti laguntzen didate", dio Alberdik.
Abeslari oñatiarrak dio "nahiko urduri" zegoela antzeztokira ateratzeko unean, nahiz eta aurreko egunean oholtzan bertan entseatu izanak "asko lasaitu" zuen: "Oholtza oso handia, da, argi eta foku askorekin, inoiz ez nintzen horrelako oholtza batean egon. Esan behar da errespetua ematen duela, baina, aldi berean, izugarri disfrutatu nuen, oso gustura aritu nintzen".
Alberdik gaineratu du oso mezu politak jaso dituela eta oso eskertuta dagoela: "Ezagutzen dudan eta ez dudan jendearengandik oso hitz politak iritsi zaizkit nire emanaldiaren inguruan, eta, egia esan, horrek asko motibatu nau egiten dudana egiten jarraitzeko, nire lana baloratu egin dela eta gustatu ere egin dela ikusi baitut".
Hurrengo faserako pasea Aiert Alberdi abesten hasi eta berehala, segundo gutxira, Vannesa Martin coach-ak buelta eman zuen. Martinen esanetan, "abesten entzun orduko pertsonalitate handia" zuela nabaritu baitzion. Ondorioz, "batailen" fasera igaroko da Alberdi, eta oso pozik dago. Bertan, Vannesa Martin irakasle izango duen hamabost laguneko taldean izango da eta kantu ezberdinak landu eta entseatuko dituzte hiruko taldeetan, bigarren faserako emanaldia prestatzeko.
Txikitatik datorkion zaletasuna "Betidanik jo izan dut gitarra, eta antzerkia egin ere bai, eta abestea ere betidanik pila bat gustatu izan zait, baina ez nuen hartzen orain hartzen dudan moduan. Poliki-poliki aukerak sortzen joan zitzaizkidan eta kontzertu txikietan abesten joan nintzen, eta, azkenean, une honetan ni betetzen nauena bihurtu da", dio Alberdik.