Bakarka egindako lanak atzo, eguena, ikusi zuen argia; diskoaren zuzeneko aurkezpenak, halere, datorren astera arte itxaron beharko du. Iker Martinez Eta Zaldi Herrenak taldeak sortutako diskoa izan da; izan ere, elkarlanean aurrera eramandako proiektua dela aurreratu du protagonistak: "Bakarlari moduan aurkeztu arren, Zaldi Herrenak taldeak grabaketa guztietan hartu du parte, eta kontzertuetan ere batera jardungo dugu". Berak gaineratu bezala, taldekideen laguntza "ezinbestekoa" izan da proiektua aurrera eramateko, eta herriko jaiak aprobetxatuko dituzte, eskuartean dutena oñatiarrei erakusteko. Diskoaren aurrerapen gisa, bideoklipaz lagunduriko Eguzki bat tatuatu kanta plazaratu dute, gainera. 2017. urtean estreinatu zen Martinez bakarlari moduan –Itzalen mundua lana kaleratu zuen, sei abestiz osatutakoa–. Oraingoan, baina, hamaika abesti sortu ditu, guztira, eta badira aurreko diskoarekin alderatuta "egindako aldaketak".
Lanaren nondik norakoak
Batik bat, soinuaren alorrean egindako lanketa handia azpimarratu nahi izan du bakarlariak: "Melodia eta instrumentuak medio, entzuleen belarrirako atsegina izango da lan berria". Aurreko diskoan ez bezala, letretan oinarritutako abesti alaiak izango dira nagusi, eta berrikuntza moduan erabilitako pianoak eta teklatuak ere paper "bereziki garrantzitsua" izango dute oraingoan. Musikak eta ahotsak bat egin dezaten, Iker Martinezekin batera Joseba Aranburu, Iñigo Bull Biain, Jimmy Irizar eta Iñigo Ugarte izango dira agertoki gainean. Grabaketak hainbat lekutan egin dituzte: Andoaingo Garate eta Beasaingo Pottoko estudioetan, baita Oñatiko Eltzian eta Tolosan, besteak beste.
Dagoeneko eskuragarri
Aurrerantzean, Elkar argitaletxearen dendetan eskuratu ahal izango da Lurralde berriak. Oñatin, Aker eta Boga tabernetan ere salgai egongo da, 10 euroren truke, eta sare sozialetan ere entzungai dago jadanik. Emanaldiei dagokienez, aurkezpen modura egingo dutenaz gain, Tolosako Bonberenea gaztetxean kontzertua eskainiko dute datorren urriaren 18an. Musikaria, gaztetatik Latzen taldean hasi zuen ibilbide musikala Martinezek, nerabea zela. Gerora, Potemkin, Amonal eta Lenao taldeetan ere aritu da. Azken taldearekin diskoa kaleratu zuen 2018ko irailean.