Oteizaren lan garrantzitsuena balioan ipintzeko oroitzapen jardunaldia

Arantzazuko basilikaren fatxadako eskultura lanen instalazioaren 50. urteurrena ospatzen dihardute Arantzazun eta horren baita, oroitzapen jardunaldia egin dute gaur.

1969ko ekainetik urrira bitartean gauzatu zuen Jorge Oteiza eskultore handiak apostoluen eta pietatearen instalazioa. Hala, esku-hartzea, Jorge Oteizak egindako obra publikoko proiektu garrantzitsuena bilakatu zen eta ezinbesteko erreferentzia Euskal Herriko kultur historian. Oteizaren eta Arantzazuren arteko harremana, baina, askoz lehenago hasi zen, zehatz 1950ean, frantziskotarrek basilika berria egitea erabaki zutenean.  Lehiaketa publiko baten ostean, Francico Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek egindakoa hautatu zuten eta proiektu hartan, artista batek parte hartzea proposatu zieten arkitektoek frantziskotarrei. Oteiza izan zen aukeratua. 1951n hasi zen eskultore nafarra harako lanean baina gotzaindegiari ez zitzaion gustatu lan hura hartzen ari zen itxura eta hainbat urratsen ostean, Vatikanoak debekatu egin zuen proiektua. Oteizaren eta Arantzazuren arteko harremana eten egin zen harik eta 1966an proiektuari baimena aitortu zioten arte.

Gertakariak gogoan

Hain zuzen ere, 1950 eta 1969 urteen artean Arantzazun jazo ziren gertakariak ekarri dituzte gogora gaurko oroitzapen jardunaldian. Hala, modu desberdinetan, garai hartan proiektua jarraitu zuten lau aditurekin solasaldia egin dute Gandiaga Topagunean. Horren ostean, basilika kanpoaldean, Jorge Oteizaren lanak izandako garrantzia azpimarratu dute eta urte haietan guztietan esanguratsu izan ziren une historikoak gogora ekarri. "Jorge Oteizaren lana basilikako kanpoaldean egonik, ekitaldiaren zati bat bertan egitea garrantzitsua zen guretzat", adierazi du, Arantzazu Gaur Fundazioko kudeaketa arduradun Juan Biainek. Hala, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria proiektuko komisario eta Oteiza Museoko kontserbatzaile Elena Martinek irakurketa azalpen bat egin du bertan. Tarteka, Kukai dantza taldekoen eskutik, dantzez gozatzeko aukera egon da. Hala, omenaldi bat egin gura izan diote Oteizak Arantzazuko obran balioan ipini zuenari: "Apostoluen eta pietatearen eskulturetan, Jorge Oteizak, euskal kultura barneratu gura izan zuen eta keinu hori egin gura izan diogu, Kukai dantza taldearen bitartez", azaldu du Biainek.

Urria bitartean antolatutakoak

  • Erakusketa Oteiza Museoan: 2019ko ekainak 19 – urriak 27
  • Erakusketa Gandiaga Topagunean: 2019ko ekainak 28 – urriak 27
  • Oteiza Museoko bisita gidatuak: Urriak 5, larunbata, 12:00etan.
  • Gandiaga Topaguneko bisita gidatuak: Urriak 19, larunbata, 12:00etan.
  • Irakasleentzako prestakuntza: Gorputza, ahotsa eta emozioak Arantzazuko apostoluetatik. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzako bisita-lantegia. Irailak 25. 17:30etik 19:30 arte. Oteiza eta espiritualtasuna artean. Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasleentzako bisita-lantegia. Irailak 6. 17:30etik 19:30 arte. Oteiza Museoko Hezkuntza Estetiko Sailaren arduradun Aitziber Urtasunekin.
  • Harrizko gorputza, buztinezko arima haurrentzako lantegia: Maushaus-ek diseinatu duen 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako lantegiak bi saio izango ditu. Irailak 28: 10:30etik 13:30 arte. Urriak 19: 10:30etik 13:30 arte. Gandiaga Topagunean, Maushausen eskutik.
  • Hitzaldia: Oteiza Arantzazun. Espresioa ahultzetik espazio harkorrera. Hizlaria: Elena Martin, Oteiza Museoko kontserbatzailea eta “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” proiektuaren komisarioa. Urriak 7, astelehena, 19:00 h. Kutxa Kultur. Ruiz Balerdi aretoa (4. solairua, Tabakalera). Donostia.
  • Oteiza: natura---laborategia---Natura mintegia: Gandiaga Topagunea, 2019ko urria-azaroa. Antolatzaieak: TECTar y KREAREak Ikerkuntza taldeak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko Eskultura Saila.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.