Urteetako esperientzia eta intentsitatea oholtzara

Maialen Regueiro 2019ko ira. 20a, 11:55

Barakaldoko Parabellum eta Oñatiko Lokuria taldeen kontzertua izango da gaur, 22:30ean hasita, gaztelekuan. Hala, punk-rock eta hardcore estiloetako abestiak izango dira entzungai. Emanaldia ikusteko sarrerak zortzi eurotan daude salgai.

Hainbat urtez Oñatin kontzerturik eskaini gabe egon badira ere, gaur, Parabellum Barakaldoko taldea ikusteko aukera egongo da gaztelekuan, 22:30ean hasita. Aurrez, Lokuria talde oñatiarraren txanda izango da, zeinek aurten taldearen izen bera izango duen lehen diskoa argitaratuko duen.

Oñatira buelta

Josu Korkostegi Parabellum taldeko bateria-jole eta ahotsak honako hau adierazi du: "Urte batzuk pasa dira Oñatin azkenengoz kontzertua eskaini genuenetik. Emanaldietako bat Eskorbutorekin batera eskaini genuen kiroldegian eta bestea plazaren batean izan zen". Hiru hamarkada baino gehiagoko esperientzia duen talde honek, beraz, jarraitzaile oñatiarrekin topo egiteko aukera izango du gaur: "Geldialdi baten ostean, berriz hasi gara kontzertuak eskaintzen, eta gaurko emanaldirako prest eta gogotsu gaude".

Urte gorabeheratsuak

Musika munduan urteetako esperientzia duen taldea da Barakaldokoa, baina gorabeherak ere izan dituzte bidean: "2000. urtean geldialdia hartu genuen, momentuko egoera politikoak baldintzatuta. Ondoren, taldekide baten gaixotasuna eta heriotza gainditu behar izan genituen", aipatu du Korkostegik. Hala ere, azpimarratu du jarraitzaileen animoei esker oholtzara bueltatzea erabaki zutela.

Lokuria talde oñatiarra

Gaur gaueko emanaldia hirukote oñatiar batekin hasiko da, Lokuria taldearekin, hain zuzen. Hauek ere hainbat urtez dihardute musika munduan eta gaur egun, lehen diskoa izango dena prestatzen ari dira eta laster ikusiko du argia. Intentsitate eta abiadura handiko zuzenekoa eskainiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak