Aranguren aita-semeak, maldan behera azkarrenak

Xabier Urtzelai 2019ko ira. 20a, 18:51

Ioritz Arangurenek eta Gotzon Arangurenek Euskal Liga irabazi dute, joan den domekan egutegiko azken proban, Galdakaon, nagusitu eta gero. Espainiako txapelketa ere irabazi dute. Bergarako Markez anaiak izan dituzte kontrario gogorrenak.

Ioritz Arangurenek (Oñati, 16 urte) hiru urte daramatza goitibeheretako pneumatika kategorian lehian. Aitarendako, Gotzonendako, debut urtea izan da kopilotu. Eta, hala ere, urte borobila egin dute: "Hasierako asmoa ez zen ni ere goitibeheran ibiltzea, baina semeak kopiloturik aurkitzen ez zuela-eta, azkenean, animatu egin nintzen, niri ere harra sartu zait. Eta bai, gure irudiak kanpotik ikusten ditugunean... uf, kontziente zara tramu batzuetan 90 kilometro orduko hartzen ditugula, baina barruan horren sartuta joaten gara lasterketan, konturatu ere ez gara egiten".

Ondo, oso ondo ibili dira aurten, eta dobletea lortu dute, Euskal Liga irabaztearekin batera Espainiakoa ere irabazi dute eta: "Benetako helburua Euskal Ligan aurrean ibiltzea zen. Baina Legazpiko lasterketa Espainiako Txapelketarako puntuagarria izan zen, eta baita Europako koparako ere. Hala, Legazpin ondo ibili ginenez, Espainiako Txapelketako bigarren proba puntuagarrira ere animatu ginen, Burgosera joan ginen, eta podiumera igo ginen. Ondoren, Euskal Ligan jarri genituen indarrak; borroka oso estua izan dugu eta Espainiakoa alboratu egin genuen, ez ginen hirugarren probara joan. Eta, hala ere, lehenengo bi proba haietan podiumera igo ginenez, Federaziotik deitu ziguten esanez Espainiako txapeldun ginela.

Euskal Ligan, indartsu

Euskal Liga irabazteak, baina, meritu handiagoa izan du: "Erregulartasuna behar da, eta, parte-hartze kopuruari dagokionez azken urteotan gorakada handirik izan ez bada ere, pneumatika kategorian indarrak oso parekatuta daude", dio Gotzonek. Hamaika lasterketa horietako batean ere ez dute hutsik egin, eta kuriosoa da: Debagoieneko –Bergara, Oñati eta Eskoriatza– lasterketa batean ere ez dira podiumeko lehen postura igo, nahiz eta puntuak batu dituzten. Hala, joan den domekan Galdakaon lortutako garaipenari esker poltsikoratu dute Liga: "Azken probara arte estutu behar izan dugu, Galdakaon dena zegoen-eta jokoan".

Zaletasuna, semearekin batera

Gustura ibili dira aita-semeak elkarrekin: "Polita da halako zaletasun bat semearekin partekatzea. Bide batez, gure babesleari, Krix Krax erretegiari, eskerrak eman gura dizkiogu". Astelehenean Goiena telebistako Harmailatik saioan izango dira, 21:30ean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak