Migel Arregi: "Etxean moduan jardunez gero, txapela janzteko moduan gaude"

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ira. 13a, 13:55

Migel Arregi artzain oñatiarra

Euskal Herriko artzain-txakur txapelketan lehiatuko da Migel Arregi artzain oñatiarra 'Argi' txakurrarekin. Atxondon da txapelketa, bihar, zapatua.

Kataluniako, Gipuzkoako eta Euskal Herriko artzain-txakur txapelketak irabazi zituen Arantzazuko Azpilleta baserriko Migel Arregik, bata bestearen atzetik, 1971n. Erretiroa hartu zuenean hasi zen berriz txapelketetan parte hartzen. Argi txakurra eta bera bigarren sailkatu ziren Legazpin, Gipuzkoako txapelketan, eta bihar arratsaldean Euskal Herrikoan lehiatuko dira, Atxondon.

Prest zaudete biok Euskal Herriko txapelketarako?

Bai. Maila handia egongo da eta ikusi egin behar zer-nolako lana egiten dugun, baina, etxean moduan jardunez gero, txapela janzteko moduan gaude.

Prestaketa berezirik egin duzue?

Ez, ez. Eguneko ibiltzen gara elkarrekin eta Gipuzkoako txapelketatik hona ere horrela ibili gara, eguneroko lanak eginez.

Nolakoa da Argi?

Bost urte dituen Gorbeia arrazako txakurra da. Lan handia egin dugu biok batera eta ondo ulertzen dugu elkar, baina Atxondon zer gertatuko den jakin ez. Etxe inguruan eta ezagutzen dituen parajeetan oso ondo ibiltzen da, baina txapelketetan aldatu egiten dira batzuetan, jendea dagoelako, tokia ere beste bat delako... eta aldatuz gero zaila izaten da berezko egoerara bueltatzea.

Zer lan egin behar duzue?

Egin beharreko ariketak aurreko txapelketetako berdinak dira. Aldatzen den bakarra distantzia da, luzeagoa izango da.

Oñatikoan parte hartuko duzue?

Auskalo, maila altua egongo da bihar eta... Birritan hartu dut parte Oñatikoan eta bietan huts beragatik deskalifikatu ninduten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak