Laboral Kutxari eskatuko dio mailegua udalak kiroldegiko obrak ordaintzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ira. 13a, 12:46

Eguenean egindako ez ohiko osoko bilkura

Herrian bulegoa duten sei finantza erakunderen proposamenak jaso ditu udalak eta guztiak aztertu ondoren, egokiena Laboral Kutxak egindako eskaintza dela onartu du ogasun batzordeak. Aho batez onartu du iritzi hori udalbatzak.

Zubikoa kiroldegia eraberritzeko eta handitzeko lanak ordaintzeko, zortzi milioi euroko mailegua eskatuko dio Oñatiko Udalak Laboral Kutxari. Zortzi finantza erakundek dute bulegoa Oñatin eta horietako seik egin die eskaintza. Egokiena Laborak Kutxak egindako proposamena dela onartu zuen ogasun batzordeak irailaren 3an eta udalbatzak aho batez onartu zuen iritzi hori atzo, eguena, egindako ez ohiko osoko bilkuran.

Uztailean egindako osoko bilkuran inbertsioen berrantolaketa egitea onartu zuen udalbatzak eta kiroldegirako behar den dirua batera eskatzea onartu, faseka egin beharrean. Hala, hamaika milioi euroko mailegua beharko zela esan zuten. Horitatik hiru Oñatiko Ur Jauziak enpresak emango dizkio Udalari eta beste zortziak banketxe bati eskatuko dizkiote maileguan.

Mailegu eskaera onartzea izan zen ez ohiko bilkuraren puntu bakarra. Galde erreguen tartean, EAJko zinegotzi Amaia Erostarbek hartu zuen hitza alderdiaren izenean, hil berri den Rafael Kortabarriaren heriotzagatik doluminak emateko EH Bilduri, alderdi horretako zinegotzia izan zelako aurreko agintaldian. Eskerrak eman zizkieten EH Bilduko zinegotziek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak