Quentin Tarantino zuzendariaren filmeko protagonista nagusiak Leonardo DiCaprio, Brad Pitt eta Margot Robbie dira. 60ko hamarkadako Hollywoodera bidaiatuko du ikusleak; izan ere, garai hartako aktore baten gorabeherak kontatzen ditu istorioak. 165 minutu irauten du filmak.
'6.000 metroan ere', doan
Irailaren 20tik 23rako asteburua berezia izango da. Izan ere, Felipe Uriarte zuzendariaren 6.000 metroan ere dokumentala eskainiko dute. Bederatzi xerpa gaztek eta hamabi euskal gaztek 2018ko urrian bizitakoak jasotzen ditu dokumentalak. Hamabi gazte horien artean lau oñatiar daude. "Doako emanaldiak izango dira, eta solasaldia ere izango dugu zuzendariarekin", azaldu du Kultura teknikariak.
Besteak, jaien ostean
Iraileko bi emanaldi horien ondoren, jaiak izango diren asteburuetan ez da zinema eskaintzarik egongo. Jaien ostean hasiko dira berriro ere eskaintzarekin. Asmoa da zinema komertziala, haurren eskaintza eta zineklubeko saioak San Migel eta Errosarixo jaien ostean hastea.
Aitor Arregi oñatiarrak zinemaldian aurkeztuko duen La trinchera infinita filma epe laburrean Oñatin ikusteko aukerarik egongo den galdetuta, Kultura Sailak azaldu du oraindik ez dakiela.
Ordutegiak eta prezioa
Zinema eskaintzaren ordutegia izango da: egubakoitzetan eta zapatuetan, 22:30ean; domeketan, 19:30ean eta 22:30ean; eta astelehenetan, 19:30ean –ikuslearen eguna–. Nagusiek 5 euro ordainduko dute eta umeek eta ikuslearen egunean, 4 euro.