Bi lagun atxilotu dituzte Oñatin metalezko bobinak lapurtzen zebiltzalakoan

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 8a, 12:10

Oñatiko enpresa batetik metalezko bobinak lapurtu dituztelakoan bi gizon atxilotu zituzten ertzaintzek atzo, zapatua. Beste hiru lagun ikerketapean daude eta horietako bat enpresa bertako langilea da. Ostutako materialak milaka eurotako balioa du Ertzaintzaren esanetan.

Oñati aldean zaintza lanak egiten zebiltzan ertzainek enpresa batetik zetorren ibilgailu bat geratu zuten zapatu goizaldean, 02:00ak bueltan. Barruan zihoazen bi gizonezkoak identifikatu zituzten, eta ikusi zuten autoaren atzealdean zilindro itxurako eta pisu handiko metalezko bi pieza zeramatzatela; 314 eta 176 kilotakoak ziren hain zuzen ere. Bobinak autora garraiatzeko arrapala gisa erabilitako egurrezko bi ohol ere bazituztela adierazi dute Segurtasun Sailetik. Autoan zeukaten materiala inguruko enpresa batetik lapurtutakoa zela frogatu zuten ondoren ertzainek, eta ondorioz, atxilotu egin zituzten ibilgailuko bi lagunak. 

Ondoren, beste auto bat atzeman zuten ertzainek, enpresa berberera zihoala. Ibilgailu horretako bi lagunak ere bobina bila zihoazen Segurtasun Sailetik aditzera eman dutenez, enpresaren aurrealdean prest zituztelako. Horiek ere identifikatu egin zituzten delitu berbera egotzita.

Ertzaintzaren ikerketaren arabera aurretik ere lapurtuta zuten materiala enpresa horretatik, eta bertako langile baten laguntza zeukaten. Horrek, enpresaren kanpoaldean uzten zien materiala, lagunak hara gerturatu autoarekin eta samurrago eraman zezaten.

Ustezko lapurretarekin zerikusia duten bost lagunak Bergarako epaitegian agertu beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak