Azken txanpara iristen ari da pilota txapelketa

Amaia Zabala 2019ko ira. 6a, 09:29

50 bikotek hartu dute parte oñatiko herriko pilota txapelketan: 35 gizonezkoetan eta hamabost emakumezkoetan. Ekainean eta uztailean multzokako partiduak jokatu dituzte eta aste honetan kanporaketekin hasi dira. Finalak jaietan izango dira.

Ekainaren 3an hasi zuten Oñatiko herriko pilota txapelketa eta uztailaren amaierara bitarte multzokako partiduak jokatzen aritu ziren. Abuztuan geldialdia egin zuten eta aste honetan, iraila hastearekin batera, berriro ekin diete partiduei; aste honetan kanporaketekin hasi dira, gainera.

50 bikotek hartu dute parte, denera, 35 gizonezkoetan eta 15 emakumezkoetan. Mutilei dagokienez, final-zortzirenak jokatzen ari dira aste honetan; 16 bikote, denera. Emakumeei dagokienez, berriz, final-laurdenak ari dira jokatzen; zortzi bikote, denera.

Gaurko partiduak

Gaur, egubakoitza, lau partidu jokatuko dira, eta, orain arteko guztiak bezala, 18:00etan eta plazako frontoian izango dira. Lehen lehian, Nerea U. eta Maialen O. Jaioneren eta Amaiaren aurka izango dira. Bigarrenean, Tatiegi eta Irizar, Markoren eta Korkostegiren aurka. Hirugarrenean, Perez eta Arkaitz, An-tzoren eta Mardoren aurka. Azkenik, laugarrenean, Ibarzabal eta Murgiondo, Mantxolaren eta Hiruatzen aurka.

Datorren astetik aurrera

Orain arteko partidu guztiak astelehen, asteazken eta egubakoitzetan izan dira, baina antolatzaileek jakinarazi dute datorren astetik aurrera egubakoitzetan soilik izango direla. Datorren astean, gizonezkoen final-laurdenak jokatuko dira eta hemendik bi astera, berriz, gizonezkoen eta emakumezkoen finalerdiak. Finalak, berriz, herriko jaietan, irailaren 28an, zapatua, 17:00etan izango dira.

Antolakuntzaren balorazioa

Iñigo Igartua herriko pilota txapelketako antolakuntzako kideak txapelketaren balorazio "positiboa" egin du: "Aurten maila igo egin dela esango nuke, jende itzela hurbildu da berriro ere txapelketara, eta hori ikusi da partiduek erakutsi duten mailan. Horretaz gain, parte hartzaile kopurua ere igo egin da eta ikusle kopurua ere bai; horrenbestez, antolakuntzatik oso pozik gaude". Igartuak gaineratu du partiduetako publikoari dagokionez, azken partidu erabakigarrietan elkartzen dela ikusle gehien; beraz, azken aste hauetakoetan publikoaren gorakada nabaritu egingo dela dio. Aloña Mendi elkarteak eta herriko txosna batzordeak elkarrekin antolatzen duten herriko pilota txapelketa da hau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak