Migel Arregi oñatiarrak eta Argi txakurrak bigarren egin dute Gipuzkoako artzain txakur txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 1a, 21:13

Migel Arregi oñatiarra bigarren eta hirugarren postuetako sariak jasotzen.

Lehia estua izan dute Jabier Zubiaurre mutrikuarrarekin eta Mendi txakurrekin. Azkenean, gainera, Mutrikura joan da txapela. Lehen ariketan egindako lan onak balio izan dio Zubiaurreri txapela ziurtatzeko. Aurreko lau urteetan txapeldun izandako Joxe Mari Bengoa oñatiarra, berriz, ez da oraingo honetan bigarren ariketarako sailkatu.

Joxe Mari Bengoa oñatiarra zen faborito nagusia, baina ez du aurten bigarren ariketara sailkatzerik izan. Bi txakur aurkeztu ditu lehiaketara. Zortzi urteko Eder eta bi urteko Zeu. "Eder oso urduri ibili da. Ez dit kasurik egin. Inpotentzia handia izan da. Zeu ere ekarri dut aurten txapelketara, eta ez dakit ez ote den Eder jeloskor jarri. Desastre ibili da, eta ni ere oso urduri jarri naiz", adierazi du Bengoak txapelketa amaieran.

Lan hobea egin dute Migel Arregiren bi txakurrek, eta oñatiarrak oso gertu izan du txapela. Lehen ariketa egin ostean bi artzain eta lau txakur sailkatu dira bigarren faserako. Hala, Jabier Zubiaurre mutrikuarraren Mendi eta Txiki aritu dira alde batetik, eta Arregiren Argi eta Lagun bestetik.

Bigarren ariketan fin ibili dira Arregiren txakurrak, baina bi ariketetan egindako puntuazioa hartzen da kontuan txapelduna izendatzeko eta Mutriku aldera joan da txapela. "Gertu ibili gara, baina ezin izan da", adierazi du Arregik. Pozik zen txakurrek egindako lanarekin, baina maila hobea dutela esan du. "Aitzakiarik ez dago. Zubiaurrek lan hobea egin du, eta kitto!".

Arregi, dena den, irailaren 14an Atxondon jokatuko den Euskal Herriko txapelketarako sailkatu da Zubiaurrerekin batera.

Mutrikuarra, bere aldetik, pozik zen. "Ez nuen irabaztea espero. Banuen konfiantza Mendi txakurrarekin. Bi urte besterik ez ditu, baina fina dator eta ondo ibili da aurreko txapelketa batzuetan. Lehenengo ariketan hartu dut abantaila, eta hala eutsi diot". Arerio gogorrak izan dituela esan du. "Arregik guk beste merezi zuen txapela ateratzea gaurkoan. Bengoaren txakurrek, berriz, ez dute gaurkoan beraien maila eman. Txakur oso onak dira".

Txapelketan lau artzain eta zazpi txakur aritu dira aurten. Hauxe da epaimahaiak erabakitako sailkapena.

Sailkapena

  • Mendi - Jabier Zubiaurre: 312 puntu.
  • Argi - Migel Arregi: 308 puntu.
  • Lagun - Migel Arregi: 290 puntu.
  • Txiki - Jabier Zubiaurre: 257 puntu.
  • Aitz - Aitor Tato: 130 puntu.
  • Eder - Joxe Mari Bengoa: 106 puntu.
  • Zeu - Joxe Mari Bengoa 89 puntu.
Erlazionatuak

Gipuzkoak artzain txakur lehiaketa, argazkitan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019 ira 01 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak