Zubikoa kiroldegiko berdeguneko lanak hasita daude

Maialen Regueiro 2019ko abu. 7a, 12:22
Zubikoa kiroldegiko berdeguneko lanak (Irudia: Xabier Igartua)

Abuztuaren 1ean eman zioten hasiera Zubikoa kiroldegia eraberritzeko lanei eta egun hauetan berdegunean dihardute lanean. Izan ere, gaur egungo berdeguneko zati bat kendu egingo da, eraikin zati bat egiteko eta bertan, igerileku txikia egiteko.

Lehen faseko lanak

Dagoeneko hasi dira lehen faseko lanak eta 2020ko urte amaieran bukatzea aurreikusten du Udalak. Horretarako gainera, 8,4 milioi euroko aurrekontua izango du BEZ barne.

Fase horretako lanak hainbat izango dira, nagusienetako bat gune hezea egokitzea izango da. Lehen solairuan mantenduko dira igerilekuak; igerileku handiari bederatzi kale jarriko dizkiote eta txikia ere gaur egungoa baino handiagoa izango da. Eta hori hala izan dadin, berdeguneruntz eraikin zati bat gehituko zaio egungo espazioari.

Zubikoa kiroldegiko berdegunean lanean (Irudia: Xabier Igartua)

Igerilekuen gunean, harmailak ere jarriko dituzte ia 100 lagunendako eta bi sauna ere egokituko dituzte –bata lehorra, eta bestea, hezea–. Gune hezerako aldagelak ere igerilekuak izango diren solairu berean egongo dira. Eta berdegunean ur jolas batzuk ere jarriko dituzte ume txikienendako.

Gabonetan itxi beharko dute igerilekua urtebete inguruz. Fitness guneari dagokionez ere, aurtengo Gabonetan itxiko dute, egin beharreko lanak egiteko. Beheko solairuan egokituko dute. Ekintza gidatuetarako hiru gela izango ditu, gimnasio handi bat, barruko kiroletarako gela bat eta eskaladarako rokodromoa eta boulderra. Gune horrek aldagela propioak izango ditu aurrerantzean. Eta aztertzen ari dira baita ere, gaur egun bertan dauden makinak Udaleko zein beste eraikinetara eramateko aukera daukaten, posible bada behintzat, horiek martxan mantentzeko.

Bestelako lan batzuk ere egingo dituzte lehenengo fasean: administrazio eta kontrol gunea beheko solairuan jarriko dituzte; kiroldegiko kantxa nagusian, berdean, aldagelak eraberrituko dituzte eta zorua konponduko dute, besteak beste; pilotalekuko harmailen edukiera gehitu egingo dute; eta eraikin nagusiko eta pilotalekuko teilatuak eraberritu egingo dituzte, bestelako lan batzuen artean.

Zubikoa kiroldegian hasi dira lanak (Irudia: Xabier Igartua)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak