Eltziak mundu osotik etorritako eta diziplina askotariko hogei artista batu ditu egun hauetan, Bridges Nazioarteko Antzerki Egoitza dela eta. Italiako Residui Teatro da egitasmo honen antolatzailea, eta, orain arte Italian eta Frantzian aritu badira ere, oraingoan, Oñatin eskainiko dute "komunitate-antzerkia". Hori bihar izango da, herriko plazan, 19:00etan, eta, Resui Teatroko zuzendari Gregorio Amicuziren esanetan, "sorpresaz beteriko ekitaldia" izango da.
Hitzarmena Udalarekin
Oñatiko Udalak proiektu honetan parte hartzen dihardu, asteon egindako aurkezpenean azaldu dutenez. Izan ere, domekako emanaldia oñatiar jatorria duen Ilargi Zabaleta aktorearen bitartez egin dute; bera izan zen, hain zuzen, duela sei hilabete Udalari proiektua aurkeztu ziona, German Meabebasterretxea Kultura teknikariaren esanetan. Meabebasterretxeak, gainera, proiektu hau aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu dutela adierazi zuen aurkezpenean: "Proiektua aztertu eta harekin bat egitea erabaki genuen. Horregatik, hitzarmen baten bidez, Udalak dirua jarri du". Iñaki Olalde Kultura zinegotzia ere aurkezpenean izan zen eta pozik azaldu zen Brigdes proiektuak Italia eta Frantziaren ostean Oñatin geldialdia egin izanagatik: "Hainbeste nazioarteko aktore herrian izatea garrantzitsua da. Horrek esan nahi du, gainera, aurretik herrian ditugun baliabideak eta inguruak ikusi dituztela eta proiektu hau hemen egitea apropostzat jo dutela".
Biharko ikuskizuna
Biharko emanaldian, herriko hainbat eragilek ere parte hartuko dute, Amicuzik azaldu zuenez: "Swing taldea, saharar erakundea, bertsolari bat eta Creciendo Con Arte taldea arituko dira, besteak beste. Guztien artean, komunitate-antzerkia osatuko dugu, antzerkia berezko erakundeetatik atzeratzeko helburua duena". Dantza eta kantu tradizionalak ikusteko aukera izango da, eta, asteon egindako aurkezpenean, herritarrei dei egin diete ikuskizuna ikustera joan daitezen.