Denborak jaisteko gogoz doaz Espainiakoetara

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko uzt. 25a, 12:53
Enaitz Sagasta eta Josune Odriozola, joan den asteburuan Tarragonan, Espainiako Txapelketan. (Argazkia: Aloña Mendi)

Enaitz Sagasta joan den asteburuan lehiatu zen eta denborak hobetu zituen. Kepa Aldekoa eta Ane Madina, bihar doaz Bartzelonara, zapatuan, domekan eta astelehenean igeri egiteko. Josune Odriozola entrenatzailea ere eurekin doa.

Katalunian ari dira egiten igeriketako Espainiako Txapelketak eta han izango dira Aloña Mendiko hainbat igerilari. Enaitz Sagasta, esaterako, Tarragonan izan zen joan den asteburuan eta Kepa Aldekoa eta Ane Madina doaz, oraingoan, Bartzelonara. Josune Odriozola entrenatzailea ere eurekin egon eta egongo da. "Proba ezberdinetan hartuko dute parte, eta denborak jaistea ederra izango litzateke, baina disfrutatzeko asteburua ere bada: beste toki baten, maila handiko beste igerilariekin batera lehian... Sekulako lana egin dute hona heltzeko, eta zoriondu egin behar ditugu horregatik bakarrik. Ondo pasatzeko asmoarekin goaz denok", dio Odriozolak.

Ilusioa

Kepa Aldekoak, esaterako, 100 eta 200 metroko probetan hartuko du parte, bietan bizkar estiloan. Lehen aldiz hartuko du parte Espainiako txapelketan. "Pozik nago hara joatea lortu dudalako. Badut gogoa Bartzelonara joan eta hango igerilekuan igeri egiteko". Gogotsu dago Ane Madina ere: "Niretzat ere, lehenengo aldia da; urduri samar nago, eta horrek badu bere pisua nigan. Ea aurreko egunetan ondo lo egiten dudan". 50 metro estilo librean eta 100 metro bizkar estiloan egingo ditu Madinak.

Gaztetxoen mailan lehiatuko dira Kepa Aldekoa eta Ane Madina, Aloña Mendi elkartea ordezkatzen. Enaitz Sagastak gauza bera egin zuen aurreko asteburuan alebinen mailan. "Oso pozik bueltatu naiz. 100 metrokoan segundo bat hobetu dut denbora eta 200 metrokoan, hiru. Hutsagatik, 50 segundo-hamarrenetara gelditu naiz hurrengo urteko Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartel zuzena lortzetik. Urte osoa dut orain gutxieneko hori egiteko, eta uste dut lortuko dudala", dio Sagastak.

Opor gosez

Espainiako Txapelketarako sailkatzeak denboraldia luzatzea ekarri die hiru igerilari hauei, eta oporrak berandu hartzea. Hilabete honetan, uztailean, entrenamenduak izan dituzte, Espainiakoak prestatzeko. "Espezifikoak izan dira. Ea zer-nolako emaitzak lortzen ditugun asteburuan. Hala ere, asteburu ona pasatzeko asmoarekin goaz, esperientziaz gozatzera", dio entrenatzaileak. Zapatuan, domekan eta astelehenean dira probak, eta egubakoitzean doaz, trenez, Bartzelonara, Aldekoa, Madina, euren senideak eta Odriozola. Denboraldi berria irailaren hasieran hasiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak