Murala eta jai berezia aurtengo udalekuak bukatzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko uzt. 24a, 10:09

Murala margotzen ibili den arte udalekuetako talde bat

Gazteleku osteko kale estuan murala egiten dihardute astean arte udalekuetako gaztetxoak taldeka, eta irekietakoak, berriz, azken jairako ideiak prestatzen. Inoizko udaleku jendetsuenak izan dira, baina "oso ondo" moldatu dira guztiak.

Aurtengo udalekuak, artekoak zein irekiak, inoizko jendetsuenak izan dira, eta horrek ekintza batzuk antolatzerakoan buruko min pixka bat eman dien arren hezitzaileei, udaleku irekietakoei, batez ere, "oso ondo" moldatu direla diote. "Batez ere, ekintza bateratuetan igarri dugu aurrekoetan baino ume gehiago zeudela; sanferminak ospatzerakoan, esaterako. Ez da erraza 651 ume elkarrekin daudela ekintza bat egitea, eta horrelakoetan bat txandak antolatuz edo taldeka jolastuz moldatu gara. Erronka izan da guretako ere, baina lortu dugu gainditzea", dio Alazne Agirrek, udaleku irekietako koordinatzaileetako batek.

Arte udalekuetan 70 gaztetxo ibili dira lau taldetan banatua, eta "oso ondo" moldatu dira, Maddi Guridi hezitzaileetako baten esanetan: "Eltzian ez ezik, San Martinen eta Ugarkalden, esaterako, egin ditugu tailerrak. Henna, adibidez, eurek eskatutakoa izan da. Egia esan, sormen handia dute gaztetxoek. Polita da gauzak zelan ulertzen dituzten ikustea".

Umeen proposamenak

Udalekuetako egitaraua lotuta izaten dute antolatzaileek aurretik, baina beti uzten dute tokia umeen proposamenak jasotzeko. Aurten, esaterako, Gamarrara joateko eskaera jaso dute udaleku irekietako hezitzaileek umeengandik, eta, gazte teknikariarekin hitz egin ondoren, Gamarrara egun-pasa joateko plana txertatu dute egitarauan. "Beste irteera batzuk ere egin ditugu; tartean, Garaiora eta Oriora gau bat edo bi pasatzera. Orioko Zingira auzoko irteera, esaterako, berria izan da", dio Amaia Goitiak, udaleku irekietako kide batek.

Bukatzear

Hilaren 26an bukatuko dira uda-leku irekiak zein arte udalekuak, eta egun horretarako ekintza bereziak prestatuko dituzte batean eta bestean. Arte udalekuetan, hamarretako berezia egingo dute eta erakusketa bat muntatuko dute Eltzian egun hauetan egindako lanekin. Aurretik, astelehenetik eguaztenera, gazteleku osteko kale osteko paretan murala egiten ibili dira. Udaleku irekietakoek, berriz, umeen proposamenak jasotzen ibili dira eta modu horretara erabaki dute 26an zer egin. Uztailaren 25a jaieguna izango da eta ez da udalekurik egongo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak