Nazioarteko sortzaileak Oñatin daude egunotan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko uzt. 19a, 14:28

Iaz Italian egin zuten Bridges Nazioarteko Antzerki Egoitzako parte-hartzaileak. Argazkia: Residui Teatro.

Italian sortu zuten Bridges Nazioarteko Antzerki Egoitza ibiltariaren laugarren aldia abiatu zuten atzo, eguena, Oñatin; uztailaren 29ra bitartean, mundu osotik etorri diren artistek formakuntza saioak jasoko dituzte, eta herritarrekin ekintza asko egin ere bai.

Proiektu bat aurrera eramateko arte diziplina askotariko artistak toki baten elkartzen dituen ekimena da Bridges Nazioarteko Antzerki Egoitza. "Arloko profesionalendako formakuntza da, batetik, eta baita sorkuntza prozesu bat ere; izan ere, herriko hainbat txokotan eta herriko elkarteekin elkarlanean, ekitaldiak eskainiko ditugu egonaldiak irauten duen bitartean; horien artean, Udalaren Kalean egitarauan dagoen Parvathy Baul (Kerala-India) artistaren kontzertua eta uztailaren 28an, egonaldian sortuko dugun ikuskizuna estreinatuko dugu", azaldu du Ilargi Zabaleta antolatzaileak.

Mundu osotik etorritakoak

Jatorri eta profil askotariko artistak batu dira egunotan Oñatin. "Residui Teatroko kideak, hau da, antolatzaileak barne, hogei lagun izango gara aurtengo topaketan. Batzuk iaz Italian egin genuen hartan ere izan ziren, baina berriak dira gehienak. Denetik dago: Greziakoak, Argentinakoa, Italiako toki ezberdinetakoak, Danimarkakoa, Frantziakoak, Kanadakoak, Guatemalakoa, Espainiakoak ere hainbat daude...", dio Zabaletak.

Parte hartzaileek Eltzia dute lantoki eta lotarako leku, eta Antixena gaztetxean egingo dituzte otorduak. Urtero moduan, gai bat izango du egoitzak oinarri, eta, oraingoan, Mugak aukeratu dute: "Euskal Herrian ardatz asko ditu gai horrek, eta egingo edo landuko dugun guztia horren bueltan izango da".

Herritarrekin elkartrukeak

Bridges sortzaileen arteko topaketa hutsa baino gehiago izatea gura dutela diote bultzatzaileek: "Erakundeen, herriko elkarteen eta nazioarteko sortzaileen arteko sinergian sinisten dugu eta elkarrekin ikasteko espazioak sortzeko helburua ere badu; horregatik, hainbat elkartruke egingo ditugu, taberna eta bestelako tokietan, guztiontzako zabalik daudenak".

Herritarrei eskainitako ekintzak

Uztailak 22

  • 22:00 Antixena gaztetxean elkar-truke saioa.

Uztailak 23

  • 19:00 De raices y cielo ikuskizunaren proiekzioa Kultura etxeko zinema aretoan.

Uztailak 24

  • 19:00 Parvathy Baul musikariaren kontzertua Lazarraga lorategian.

Uztailak 25

  • 21:30 Itturri tabernan elkar-truke saioa.

Uztailak 26

  • 20:00 Apuntes sobre la felicidad ikuskizuna eta ondoren, aktoreekin topaketa, Santa Ana aretoan.
  • 22:00 Pako tabernan elkar-truke saioa.

Uztailak 27

  • 13:30 Oñatin bizi diren kubatarrek antolatuta bazkaria eta elkar-truke ikuskizuna gaztetxean.

Uztailak 28

  • 19:00 Ikuskizun ibiltaria kaleetan zehar

Oharra: Aipatutakoez gain, beste elkar-truke gehiago ere egon daitezke; lotzen saiatzen ari dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak