Lemko komunitatearen alde, Polonian dantzan

Eneko Azurmendi 2019ko uzt. 12a, 10:04

Oñatz dantza taldeko kideak desfilean eguaztenean, Poloniako Krynica-Zdrój hirian. Argazkia: Oñatz.

1996az geroztik urtero egiten duten Swiat pod Kyczera izeneko nazioarteko jaialdian dira Oñatz dantza taldeko hainbat kide, Polonian. Herenegun hasi eta domekara arte, Oñatikoez gain, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako hainbat dantza egingo dituzte.

30 laguneko taldea astelehenean abiatu zen Poloniarantz –27 dantzari eta hiru txistulari–. Autobusez egin zuten bidaia, eta, Alemaniako Friburgo hirian geldialdia egin ostean, eguaztenean iritsi ziren Poloniako Krynica-Zdrój hirira. Egun hartan bertan egin zuten lehen emanaldia. "Bidaia espero baino hobeto joan da, Polonian oso ondo hartu gaituzte eta lehen emanaldia ere, primeran. Beste herrialde batzuetako dantza taldeekin partekatu dugu oholtza, eta beraien dantzak ikusteko aukera ere izan dugu", azaldu du Nagore Bikuñak, dantza taldeko kideetako batek.

Domekara arte arituko dira oñatiarrak euren dantzak plazaratzen. Euskal Herriko hainbat dantza egiten ari dira egunotan. Esaterako, Gipuzkoako ezpata dantza, Lekeitioko Kaxarranka eta Nafarroako Kortes; Oñatiko Corpus dantzak birritan egingo dituzte. Domekan, itzulerako bidaiari ekingo diote. Suitzako Berna hirian egingo dute geldialdia, eta martitzen arratsaldean iritsiko dira Oñatira.

Oñatz dantza taldeko dantzariak eta haiekin joan diren txistulariak. Argazkia: Oñatz.

Ez da nolanahiko jaialdia

Jonmikel Intsausti da honen guztiaren erantzulea. Haren alaba Oñatz dantza taldean ari da, eta emaztea poloniarra du. "Emaztearen lagun bat lemko kulturakoa da. Kultura horri buruz idatzi gura nuen, eta haren bitartez hasi nintzen komunitatearekin harremanetan jartzen. Oso historia latza dute lemkoek eta gaur egun ere Polonia osoan zehar sakabanatuta daude, euren lurralde eta instituziorik gabe", gaineratu du.

Hain zuzen, haien kultura eta hizkuntza berpizteko helburua duen Swiat pod Kyczera (Mundua Kyczeratik) nazioarteko jaialdia antolatzen du urtero Kyczera (mendi tontorra esan nahi du) kantu eta dantza talde lemkoak, 1996az geroztik, Jerzy Starzynskiren zuzendaritzapean. "Ez da emanaldi folkloriko hutsa, helburuak argi dituen jaialdia da", dio Intsaustik.

Mundu osoko dantza taldeak batzen ditu jaialdiak, eta Intsaustiren asmoa zen hiru euskal talde eramatea. Hirugarrena lortzeko "sekulako ahaleginak" egin arren, bi joan dira, azkenean: Oñatz eta Gasteizko Indarra Euskal Kultur Elkartea. Jaialdia bi hiritan egiten ari dira, Krynica-Zdrójen eta Legnican. Oñatiarrak lehenengoan daude, eta gasteiztarrek, berriz, bigarrenean egin dute dantza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak