Arantzazu Saiz oñatiarra, Hasier Oleaga bilbotarra eta Joseba Loinaz pasaitarra 2017an elkartu ziren hirukotea osatzeko, eta atzo, Donostian aurkeztu zuten Bidean izeneko lehen lana. Hirukoteak lehen diskoa aurkeztearekin batera, kontzertua eskainiko du, Kalean ekimenaren baitan. Emanaldia hilaren 10ean izango da, Lazarragako lorategian, 19:00etan.
Esperientzia musikala
Hirukotea sortu badute ere, Saizek, Oleagak eta Loinazek badute banakako esperientzia musikala. Saiz hezkuntza klasiko sendoko piano-jolea da eta Aguraingo musika eskolan piano irakaslea da gaur egun. Oleaga musika klasikoan hazitako bateria-jolea da eta egun, Ruper Ordorikaren Mugalari taldearen partaide da. Loinaz pianista gisa aritu izan da eta baxua ere jotzen du; gaur egun, Lazkaoko musika eskolako piano irakaslea da.
'Bidean' lana
Otsailean hasi ziren lanaren grabazio lanak egiten, Beasainen, eta atzo, Donostian aurkeztu zuten Bidean diskoa. Lana zortzi kantuz osatuta dago, guztiak instrumentalak –pianoa, baxua eta bateria dira erabiltzen dituzten instrumentuak–, eta Saizek sortutakoak dira; bere ibilbide musikala laburbiltzen dute. Era horretan, Saizek lanaren estiloari buruzko xehetasunak aipatu ditu: "Ez da jazz disko bat. Baditu estilo horretako doinuak, baina popa ere sartu dugu. Oso melodikoa da, eta aberatsa erritmoari dagokionez. Harmonia aldetik, berriz, akorde ezagunak ditu".
Emanaldia
Saizek, Oleagak eta Loinazek emanaldia eskainiko dute hilaren 10ean Lazarragako lorategian, eta Saizendako, oñatiarra izanik, berezia izango da etxean emango duen kontzertua: "Gure kontzertua Lazarragan eskaintzea aproposa iruditzen zait, eta, niretzat, emanaldi berezia izango da, etxean joko dudalako, baina baita lekuak xarma duela iruditzen zaidalako. Hasiera batean, Santa Ana aretoan izatea pentsatu nuen, baina Udalak Lazarragan egitea proposatu zidan eta egokiagoa iruditu zitzaidan. Gainera, Udala eskertu nahi dut aukera hau emateagatik". Gainera, hirukoteak elkarrekin eskaintzen duen lehen kontzertua izango da.
Gasteizko Jazzaldian
Hirukote honek beste emanaldi bat eskainiko du uztailaren 20an, Gasteizko Jazzaldiaren baitan, hiriburuko OM Cafe & Club tabernan.