Iker Olalde Australiara bidean izango da orain momentuan. Badira bi urte Alazne bikotearekin batera munduaren beste puntara erronka berrien bila joan zela: "Eta orain hasi gara han ere etxean gaudela sentitzen, gustura gaude".
Munduaren beste aldera eraman beharreko gauzen artean Olaldek mendian korrika egiteko zaletasuna sartu zuen motxilan, gazteago zela Aloña Mendi futbol taldeko elastikoa defendatzen ibili ondoren horrek ase zuelako kirolerako zuen grina: "Orain bizikletan ere hasi naiz, ultratraila prestatzeko baliagarria izan zait, hasieran ondo gainditu gabeko lesio bat nuelako belaunean".
Etxeko lasterketan hasi zen Olalde kirol jarduera honetako sukarra sufritzen, Aloñako Igoeran, eta poliki-poliki esperientzia batzen joan zen, 2017an Hiru Handiak proban gozatu ederra hartu zuen arte. Hor ikusi zuen distantzia luzetan ematen zuela onena: "Distantzia motzetan erritmo azkarregiak eramaten dituelako jendeak". Hori horrela, Dolomitetara egindako oporraldi baten etorri zitzaion Lavaredoko lasterketa egiteko grina: "Eta bizitzan behin egin beharreko gauzen zerrendan sartu nuen lasterketa hori".
Gogorrena, motibazioari eustea
Lavaredoko ultratrailak 120 kilometro ditu. Baina, lasterketa bera baino gogorragoak izan dira berau ondo prestatzeko erabilitako hilabeteak: "Oñatiko lagun batek entrenatzen nau, eta hark agindutakoa betetzen ibili naiz Australian. Han negua da orain, eta azken hilabetea gogorra egin zait, hotzarekin entrenatzen, lanetik irten eta ilunetan korrika egitera joatea... Azken asteotan halakoetan sarri etortzen diren zalantzak etorri izan zaizkit: ea merezi duen horrela ibiltzeak, horrenbeste entrenatu behar izateak, bikotearen egunerokoa ere baldintzatzea... Alde horretatik, etxekoei eskerrak eman gura dizkiet, Dolomitetan nire ondoan izan nituelako lasterketa osoan zehar, baina bereziki Alazneri eman gura dizkiot eskerrak".
Ehun onenen artean egotera
Olalde ez zen ultratrail proban parte hartzearekin konformatzen. Helburu nagusia helmugara iristea zen, baina altuan esaten ez bazuen ere, ehun onenen artean egon gura zuen –Cortina d'Ampezzo-ko plaza txikian 1.900 korrikalarik hasi zuten lasterketa–. "Banekien lasterketan gauzak txukun samar eginda postu horietan egon nintekeela". Lehenago, lasterketa hori birritan egindako Iokin Garairekin egin zuen berba: "Oso gomendio onak eman zizkidan, eta tarte bakoitzeko ezaugarriak azaldu zizkidan".
Hasieran, azkarregi
Duela astebete justu, ekainaren 28an (23:00) hasi zuten lasterketa: "Denboraz joan nintzen irteera puntura, lekua hartzeko. Lehenengo anoa postuan esan zidaten gurasoek azkarregi nindoala, baina ez nuen postuaren berririk –50.a–. Gero bai, bigarren anoa postuan esan zidaten 80. postuan nindoala, eta gutxi gora behera hor ibili nintzen lasterketa osoan zehar (17 ordu, 37 minutu, 88. postua). Ibilbideak denetarik du, baina bereziki egunsentiarekin geratzen naiz, Tre Cima di Lavaderoko tontorrean egunsentiaz gozatu ahal izan nuen. Bestalde, azken bi orduetan nekatuta egonda ere gustura ibili nintzen, horrek ere oso zapore ona utzi dit".
Datozen hilabeteotan, berriz, entrenamenduengatik baztertuta izan dituen gauza horiek egin gura ditu, lasterketekin itsutu barik, munduaren beste puntan ere badagoelako zer egin, eta zer ikusi.