720 gaztetxo hasiko dira gaur herriko uztaileko udalekuetan

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko uzt. 1a, 09:51

Oñatin egindako udaleku irekietan parte hartu zuten hainbat haur. (Argazkia: Txatxilipurdi)

Udaleko Gazteria Sailak antolatuta, bi udaleku egingo dituzte herrian aurtengo uztailean ere: udaleku irekietan 651 ume eta gaztetxeko ibiliko dira eta arte udalekuetan, 69. Inoizko jendetsuenak izango dira bata zein bestea.

Aurtengo uztailean ere udaleku irekiak zein arte udalekuak egingo dira herrian eta inoiz baino jendetsuagoak izango dira: 651k hartuko dute parte udaleku irekietan eta 69k arte udalekuetan. Gaur, astelehena, hasiko dira udaleku biak.

Talde arrosa irekietan

Udalak antolatuta, Txatxilipurdik kudeatuko ditu aurten ere udaleku irekiak. 4 eta 12 urte bitarteko 651 haurrek hartuko dute parte, kolore ezberdinetako taldeetan. Aurten, gainera, talde berria egongo da. "Aurreko urteetan baino gehiago apuntatu dira nagusienetan, LH-4, LH-5 eta LH-6 mailetakoak, eta kolore arrosa izango duen talde berri bat egitea pentsatu dugu. Nagusienak egongo dira talde horretan, 2007 eta 2008. urteetan jaiotakoak", dio Alazne Agirrek, udaleku irekietako koordinatzaileetako batek. Berarekin batera beste hiru lagun eta Gazteriako teknikaria, Jon Lopez, egongo dira eguneroko martxa koordinatzen. Gaztetxoekin 73 hezitzailek jardungo dute. Aur-ten ere, gaztelekua, berdura plaza eta Zuazola institutua izango dira topalekuak, umeen adinaren arabera.

Irteerak Urteko lehen hilabeteetan hasi ziren udaleku irekiak prestatzen eta prest dute umeekin batera egingo dituzten ekintzak eta planak. "Eguraldiak aldatu ditzake, akaso, planak, eta egun jakin baterako prestatuta daudenak beste egun batean egin beharra tokatuko zaigu, baina ekintzen zerrenda prest dugu, bai. Umeei eurei ere galdetuko diegu zer egin gura duten, eta proposamenak betetzen saiatuko gara. Eurek esango digute, esaterako, nolakoa gura duten izatea azken eguneko festa", dio Agirrek. Beste urteetan bezala aurten ere denetariko ekintzak egingo dituztela ere gaineratu du: "Uztailaren 8an sanferminak ospatuko ditugu, altxorraren bila ibiliko gara, ibilbideak egingo ditugu herriko auzo edo txoko jakin batzuetara, ur jolasak egongo dira... Eta Usakora, ur txorrotetara eta igerilekuetara ere joango gara, adibidez". Irteerak ere egingo dituzte: nagusienek, esaterako, bi gau egingo dituzte Orioko Zingira auzoan.

Arte udalekuak, Eltzian

Bestetik, Eltzian egingo diren arte udalekuetan izena eman duten 9 eta 16 urte bitarteko 69 lagunek lau hezitzaile izango dituzte ondoan. Besteak bezala, 09:00etatik 13:00etara izango dira arte udalekuak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak