Lasterketa hasi aurretik fresko egiten zuen Torreauzon, korrika egiteko giro aproposa. Baina, irteera puntuan batu diren 180 korrikalariek lasterketa hasi duten momentuan –aspaldi ez da halako parte-hartzerik egon lasterketa horretan, dortsalak ere agortu egin zaizkie Abixaraneko antolaketa taldeko lagunei– lehenengo eguzki izpiak azaldu dira, eta minutu gutxi behar izan ditu eguzkiak korrikalariak zigortzeko. Eguzkiak, eta Olatera bidean dauden maldak, lasterketa indartsuegi hasi duenak garesti ordaindu du atrebentzia.
Aitor Mimentzak, gustuko duen moduan, hasieratik egin du aurrera: "Ondo nagoenean ez zait espekulatzen ibiltzea gustatzen, aurrera egitea gurago izaten dut. Dagoeneko hirugarren aldia da Torreauzora natorrena, gustua hartu diot lasterketa honi, ibilbideagatik eta antolatzaileekin hartu-eman polita daukadalako". Elorriokoak minutu bat baino gehiagoko aldea sartu dio Ravid Rua herrikideari: "Aitor ondo dagoenean ez dago askorik egiterik, eta bigarren postuagatik borrokatzera etorri gara. Nik hirugarren kilometro inguruan egin dut aurrera, eta gustura geratu naiz egindako lasterketarekin". Hirugarrena, berriz, lesiotik errekuperatzen dabilen Sergio Garcia oñatiarra izan da. Oñatikoak azken kilometroari zukua atera dio: "Banekien zein zen nire borroka, eta zeintzuen artean egon behar nuen. Hala, azken kilometro horretan estutu eta podiumera igoko naiz. Honezkero gure gorputza ere ezagutzen dugu eta badakigu noraino egin dezakegun".
Emakumezkoetan, berdinduago
Emakumezkoen lasterketan aurreko bi postuen artean lehia parekatuagoa egon da. Lasterketa irabazi duen Edurne Elkororiribek aitortu du proba hasiera ez duela lehenengo postuan egin, eta atzetik aurrerako bidea egin duela. Albarritza baserriko malda gogorra aprobetxatu duela, hor estutu, eta aurrera egiteko. Akaso malda horrek harrapatu du ezustekoan Lourdes Colomo zizurkildarra: "Ez nuen lasterketa ezagutzen, eta aurreikusten nuena baino malda handiagoa zuen, bai". Eta, emakumezkoen podiuma osatu du Ainara Urrutia aretxabaletarrak: "Ez nuen ibilbidea ezagutzen. Egia esan, nahiko indartsu hasi gara baina aurreko biak ezagutzen nituen lehenagotik ere eta banekien horiek beste maila batean daudela. Senarrarekin batera egin dut lasterketa, eta oso pozik iritsi naiz helmugara".
Lasterketako sailkapen osoa, hemen.