Hamahiru batzorde egongo dira agintaldi berrian

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko eka. 28a, 09:03

Egin du lehen osoko bilkura Oñatiko udalbatza berriak eta bertan erabaki dute, besteak beste, agintaldi honetan hamahiru batzorde egongo direla, aurrekoan baino bat gehiago. Zubikoako lanak ere adjudikatu dituzte; abuztuan hasiko dira obrak igerilekuen ondoko berdegunetik.

Batzorde buruak eta bakoitzeko kideak nortzuk izango diren ere onartu dute, baita osoko bilkurak noiz egingo dituzte eta Tokiko Gobernu Batzordeak bilerak noiz egingo dituen. Eguenetan bilduko dira Tokiko Gobernu Batzordeko sei kideak eta osoko bilkurak berriz, hileko azken eguenetan egingo dituzte, 18:30ean. Toki korporazioetako kideen asistentziak ez ordaintzea ere onartu dute. Alderdi biek aurrez adostutako erabakiak izan dira. Alderdi bietako bozeramaileak, berriz, izango dira Izaro Elorza EH Bildukoa eta Ainhoa Galdos EAJkoa.

Alkatearen soldata, zenbat zinegotzi liberatuko diren eta bakoitzak zer soldata izango duen hurrengo osoko bilkuran onartuko dute. Bitartean, aurreko alkatearen, Mikel Biainen soldata berdinarekin jarraituko du Izaro Elorzak. Udalbatzaren agintepean dauden kide askoko organoetarako ordezkariak ere hurrengoan adostuko dituzte. Ur-Jauziak enpresan Oñatiko udalak izango dituen ordezkariak eta Zubillagako hiltegian izango duena baino ez ziren adostu atzo.

Kiroldegiko lanak

 

Bestalde, Zubikoa kiroldegia eraberritzeko eta handitzeko proiektuaren lanak adjudikatu direla jakinarazi zuen udalbatzak. Miguel Imaz enpresari esleitu zaizkio lanak ia 4 milioi eurotan. Obrak lote ezberdinetan banatuta daude, obra nagusia batetik eta gremioek egin beharrekoa bestetik, eta lote horietako lanak ere esleitu dituzte; bost lote guztira. Lanak abuztuan hasiko dituzte eta 17 hilabeteko exekuzio epea izango dute. Kiroldegiko berdegunetik hasiko dituzte lanak, beraz, abuztuan igerilekuen ondoan dagoen zelaia ez da erabilgarri egongo.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak