Ikuskizuna eta musika gaur gauean Arantzazun

Maialen Regueiro 2019ko eka. 28a, 08:19

Maiatzean, Ganbara Txikik kontzertua eskaini zuen Fagor Industrialeko showroom-ean. (Irudia: Ganbara Faktoria)

'Kalean' egitasmoa gaur abiatuko da. Izan ere, arantzazuko Santutegiaren kanpoaldea ikuskizun eta musika agertoki izango da 22:00etan, Ganbara eta Hots abesbatzek eskainiko duten 'Antzinako sekretuak' emanaldiari esker.

Ganbara eta Hots abesbatzek elkarrekin eskainiko duten kontzertuak, Antzinako sekretuak izena duenak, Kalean egitasmoaren aurtengo egitaraua irekiko du. Musika emanaldia gaur izango da, 22:00etan, Arantzazuko Santutegiaren kanpoaldean. Kontzertua ikustera joateko, herritarrek autobus bat izango dute Arantzazura igotzeko bi eurotan. Olaran, Kalegoiena eta Postetxeko geltokietan batuko da jendea, 21:15ean hasita. Ondoren, 23:30ean jaitsiko da autobusa herrira.

Sua oinarri

Ganbara Abesbatzako kide Xabi Mugarzak gaurko emanaldiaren nondik norakoak azaldu ditu: "Gaurko kontzertua solstizioen ingurukoa izango da, suan oinarritutakoa, alegia. Emanaldia Santutegiaren kanpoaldean egitearen arrazoia da ikuskizunerako argiztapena faktore garrantzitsua dela". Ganbarako abestiei dagokienez, honako hau aipatu du Mugarzak: "Ganbarako kideek euskal kantak abestu ditugu eta horietako batzuk sorginei eta suari egingo diote erreferentzia, besteak beste"

Talde ibiltaria

Kalean ekimenaren bigarren hitzordua uztailaren 4an, eguena, izango da, 19:00etan, eta Broken Brothers eta Brass Band taldeak erdiguneko kaleetan arituko dira.

Cartonajes Arregi eta Stadler

Oñati ezagutzen proiektuaren baitan, berriz, Ganbarak dagoeneko kontzertu ibiltari bat eskaini du, eta asteburu honetan, gisa horretako bi hitzordu izango dira: bihar, Ganbara Txiki eta Gazteko kideek kontzertua eskainiko dute Cartonajes Arregi enpresan. Domekan, Ganbara Abesbatza Stadler-en izango da, 12:00etan, enpresaren 50. urteurreneko jaiaren baitan kontzertua eskaintzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak