Irene Loizate eta Iraitz Arrospide garaile Oñatiko Nazioarteko Herri Lasterketan

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 22a, 21:10

Egungo Euskal Herriko atleta onenetakoak elkartu dira gaur Oñatin, Corpusen bezperan egiten den 10 kilometroko lasterketan. Eta ez da izan ezusteko handirik. Emakumezkoetan iazko garaile Elena Loyo eta haren taldekide Irene Loizateren artean egongo zela garaipena jakinekoa zen, eta oraingoan, Loizaterendako izan da. Gizonezkoetan, ostera, Iraitz Arrospidek ez du izan aurkaririk, gainerakoen gainetik dagoela erakutsiz.

Hamabi emakume elkartu dira irteera puntuan, eta Loyo eta Loizate hasieratik jarri dira lasterketa buruan; haien atzetik laukote bat, tartean, Miren Apraiz arrasatearra zela. Lasterketa guztia egin dute aurretik Loyok eta Loizatek, eta gero eta tarte handiagoa atera diete atzetik zetozenei. Bigarren taldetxoa apurtu egin da kilometroek aurrera egin ahala eta beroak eragindako nekea nabaritzen hasi ahala; izan ere, batzuek gogotik sufritu dute beroaren eta hezetasunaren eraginez. Azken bueltan indartsu sentitu da Loizate eta Loyorengandik alde egitea lortu du, bukaeran, bakar-bakarrik helmugaratuz. 

Gizonezkoek ordubete beranduago ekin diote lasterketari. Iraitz Arrospide zen faborito eta hori jakinik, David Gartzia durangarrak indartsu ekitea erabaki du. Lehen buelta bakarrik egin du lasterketa buruan, baina atzetik zetorren Arrospidek laster harrapatu du. Ordutik ez du izan aurkaririk villabonarrak, eta bukaeraraino bakar-bakarrik joan da.

Aitor Mimenza elorrioarrak, ostera, atzetik aurrera egin du, eta poliki-poliki aurrea hartu die, besteak beste Gartziari eta hirugarren egin duen Alex Oiarbideri. Pozik zen bukaeran, begiz jotako lasterketa zuelako Oñatikoa. Sergio Garcia eta Erik Martin oñatiarrak ere gustura ziren egindako lasterketarekin, "ohorea" delako halako txapelketara gonbidatu izana eta etxekon animoen artean egin izanagatik.

Sailkapenak

Emakumezkoak:

1. Irene Loizate: 35:03
2. Elena Loyo: 35:24
3. Claudia Anduaga: 38:09
4. Saioa Elaso: 40:09
5. Miren Apraiz: 40:55
6. Marina Gonzalez: 41:19
7. Maitane Guerrero: 42:07
8. Hoki Guerrero: 42:16
9. Maria Cano: 42:18
10. Eztizen Etxebarria: 42:32
11. Aratz Rodriguez
12. Naroa Sagarna

Gizonezkoak:

1. Iraitz Arrospide: 31:01
2. Aitor Mimenza: 31:52
3. Alex Oiarbide: 32:00
4. Martin Amilibia: 32:13
5. Unai Arroyo: 32:17
6. Imanol Cruz: 32:30
7. David Garcia Txiki: 32:53
8. Asier Fernandez: 32:56
9. Gustavo Sanchez: 32:58
10. Imanol Gonzalez: 33:29
11. Xabier Martinez: 33:32
12. Ander Sagarzazu: 33:49
13. Alberto Arberas: 33:58
14. Xabier Lukin: 34:14
15. Sergio Garcia: 34:23
16. Eric Martin: 35:56

Erlazionatuak

Oñatiko Corpusetako lasterketa argazkitan

Mirari Altube Arrese 2019 eka 23 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak