Unai Aznar azkarrena, Gipuzkoako gazte mailako Itzuliko atarikoan

Maialen Regueiro 2019ko eka. 21a, 20:32

Unai Aznar txirrindulari nafarrak egin du denborarik onena, 2 minutu eta 54 segundutan amaitu baitu 2 kilometro eta 100 metroko ibilbidea. Modu horretan, Oñatin lortutako garaipenarekin Itzuliko sailkapen orokorreko onena da Aznar eta biharko lasterketan liderraren mailotarekin irtengo da irteera puntutik. Ulma taldeko txirrindulari onena, Ander Blazquez izan da,  hamargarren postua lortu duelarik.  

Ibilbide laburra baina "gogorra"

Hori da, hain zuzen ere, Oñatiko prologoan parte hartu duten txirrindulari gehienek adierazi dutena. 2 kilometro eta 100 metroko ibilbidea izan da, baina Oñatiko postetxetik hilerrira dagoen aldapa igo behar izan dute eta askok igoera hori "oso gogorra" zela adierazi dute lasterketa amaitu ostean. Horrez gain, helmugara iritsi aurretik hainbat jaitsiera egin behar izan dituzte eta horiek "oso teknikoak" zirela ere aitortu dute batzuek. 

Prologoko irabazle Unai Aznarrek ere, ibilbide gogorra eta teknikoa izan dela adierazi du. Hala ere, pozik azaldu da itzuliko lehen etapa irabazi izanagatik eta datozen egunetan liderraren mailota mantentzeko esperantza duela aipatu du. 

Ander Blazquez oñatiarra ere pozik azaldu da, Ulma taldeko denbora onena egin izanagatik. Horrez gain, aipatu du, bidea ezagututa ere gogorra egin zaiola, baina era berean, guztia eman duela. 

Hainbat eroriko

Lasterketako antolakuntza lanetan aritu den Ruper Arkauz oñatiarrak aipatu duenez, hainbat eroriko izan dira postetxe ondoko biribilgunean, baina ez dira eroriko larriak izan. Horrez gain, hainbat txirrindularik arazoak izan dituzte katearekin. Bestelakoan, Arkauzek aipatu duenez, lasterketa normaltasunez jokatu da. 

Beste hiru etapa

Prologo honekin hasi dute Gipuzkoako gazte mailako itzulia eta aurretik beste hiru etapa izango dituzte. Biharkoa Olaberrian hasiko dute, igandean, Andoainen eta astelehenean, Lazkaon amaituko da itzulia. 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak