Gaurko atariko proba erlojupekoa izango da, eta irteera Txaketua taberna ondoan izango da eta azken orduko aldaketarik ezean, txirrindulariak plazan helmugaratuko dira. Lehen txirrindularia 17:15ean irtengo da eta minutu erdiko aldearekin irtengo dira. Gipuzkoako txirrindulari talde guztiek hartuko dute parte itzuli honetan, baina baita Bizkaia zein Arabako taldeek ere. Hala, guztira, 150 txirrindulari inguruk hartuko dute parte. Debagoieneko ordezkari gisa, Aloña Mendi taldea arituko da, Unai Cueva, Ander Blazquez eta Aritz Torres txirrindulari oñatiarrekin eta Ander Uribesalgo txirrindulari bergararrarekin.
Trafikoan eragina izango du
Txaketuan abiatuko da proba, eta ibilbidea plazan bukatuko dute txirrindulariek. Hori dela eta, trafikoa moztuta egongo da 16:45etik 19:15era, gutxi gorabehera. Beraz, San Juan kaleko garajeak ezin izango dira erabili; Aita Madina eta Lizaur kaleak moztuta egongo dira, baita ULMA Handlingerako sarbidea ere; Garagaltza auzotik irteteko, Lamiategitik buelta irten beharko da; Olaitturriko aparkalekua ere itxita egongo da 19:30ak arte.
Bidegurutzeetan 40 bat boluntario ibiliko dira lanean.