'Gazteak euskaraz etorkizuna eraikiz' lehiaketako lanik onenak saritu dituzte

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 17a, 14:40

Nerabeak ikus-entzunezkoen testuinguruan euskaraz jarduteko sustapen dinamika egin da azken urtean, Foru Aldundiak bultzatuta. Hamabi hilabetez lurraldeko sei ikastetxetako 300 bat ikaslek trebakuntza jaso dute, eta gaur, lanik onenek sariak jaso dituzte Tabakalerako 2deo laborategian, besteak beste, Oñatiko Zuazola Larrañako institutuko ikasleek egindakoak.

Lehiaketara aurkeztutako 21 proiektuetatik sei saritu dituzte gaurko ekitaldian. Garailea izan da Ordiziako Jakintza ikastolako Kirol arropa etorkizunean lana; bigarren saria jaso dute Oñatiko Zuazola-Larraña BHIko gaztetxoek, Hezkuntza etorkizunean bideoagatik; eta hirugarren saria izan da, Tolosako Herrikide ikastetxeko ikasleendako, Etorkizuneko komunikazioa lanagatik. Era berean, beste sari batzuk ere banatu dituzte: Euskara saria izan da Oñatiko Zuazola-Larrañako Gipuzkoa garapen jasangarrirako bidean bideoarendako; grabazio eta edizio onenaren aipamena Jakintza Ikastolako Etorkizuneko garraioa lanarendako; eta Publikoaren Saria, Oñatiko Zuazola-Larrañako Hezkuntza etorkizunean proiektuarendako. 

Aitortza honetaz gain, ikas-bidairako diru-laguntza jaso dute guztiek, Gipuzkoako jarduneko diputatu nagusi Markel Olanoren, Hizkuntza Berdintasuneko jarduneko zuzendari Garbiñe Mendizabalen eta 2deo laborategiko arduradun Iban Arantzabalen eskutik. 

Sari-emate ekitaldian lagun izan dituzte Ixa taldeko Unai Portilla, Maddi Castro eta Zuneri Tanizuri taldeko sortzaileak; izan ere, guztiak dabiltza ikus-entzunezkoen alorrean proiektu berritzaileak sustatzen. Eta bukaeran, euskarazko Puntu Koma webseriearen lehen kapitulua ikusi dute.

Datorren edizioa gertatzen

Diputatu nagusiak egitasmo pilotu honen "irakurketa positiboa" egin du eta, jakinarazi du Gipuzkako Foru Aldundia datorren edizioa gertatzen hasita dagoela, Gipuzkoako ikastetxe guztietara zabaltzeko asmoz. Gazteek ikus-entzunezkoak asko kontsumitzen dituztela jakinik, eta "euskararen erabilera bermatzeko hil ala biziko gaitzat" hartu du nerabeak alor honetan formatzea eta euskaraz aritzera animatzea.

2deo laborategia martxan jartzeko garaian egindako ikerketak "hainbat datu kezkagarri" eman dituela jakinarazi du Olanok; horren adibide, gaztetxoek ikusten dituzten eduki guztietatik, hamarretik zazpi gaztelaniaz dira, bi euskaraz eta bat ingelesez. 

Hiru fasetan landuta

Nerabeak ikus-entzunezkoaren testuinguruan euskaraz aritzeko sustapen dinamika esperimentala izan da Gazteak euskaraz etorkizuna eraikiz hain zuzen ere Etorkizuna Eraikizen baitan, eta hiru fasetan banatua.

Trebakuntza fasean hainbat ikastetxetako ikasleei, 300 bati, sozializazio eta formakuntza saioak eskaini zizkieten, ekoizpen etxe baten eskutik. Bigarrenik, nerabeek euren kabuz sortu eta ekoiztu zituzten ikus-entzunezko lanak. Horietatik 21 proiektu aurkeztu zituzten sariketara eta guztiak Youtubeko Hi Gazte kanalera igo. Bideo horietako onenak saritu dituzte gaur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak