Ertzainen jipoiak jaso dituztela esan dute Oñatiko bost gaztek

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko eka. 17a, 13:11

Gerri, hanka eta besoetan jasan dituztela golpeak diote gazteek

Gazteek sare sozialen bitartez zabaldu duten oharrean diote gertaerak zapatu gauean izan zirela. Ohar horretan adierazi dute ubelduak eta kontusioak jasan zituztela gerrian, hanketan eta besoetan. Ertzaintzak adierazi du "horrelako gertaerarik jasotzen duen aktuaziorik ez dagoela".

Gertakizunari dagokionez, anonimotasuna gorde gura duten gazteek sare sozialen bitartez zabaldutako oharrean hauxe diote: "Larunbat gauean Oñatiko gaztetxeko kontzertutik plazarantz gindoazenean, Antixena parketik ateratzear ginela eta argi urdinak ikustean gutariko batek zipaioak zeudela adierazi zuen. Bat batean hamarren bat ertzain, kale-jantzian eta uniformedunak, gainean genituen; gu, ordea, bost ginen. Eskuak altxatu eta azalpenak eskatu genuenean, borra luzagarriak erabiliz jipoitu gintuzten: amorruz kolpez, indarkeriaz eta irainduz hartu gintuzten, 'zipaio le vas a llamar a tu puta madre' esanez".

Testuan dioten moduan, "jipoiaren ondorioz zaurituta amaitu" zuten: "Ubeldu eta kontusio ugarirekin gerri, hanka eta besoetan. Erabilitako bortizkeriaren erakusgarri da ertzainetako batek borra hautsi zuela".

Salaketa legalik ez dutela jarriko diote, "ekar diezazkigukeen ondorio eta errepresioa ekidin nahi ditugulako; arrazoi berdinagatik anonimotasuna mantentzea erabaki dugu". Eta jarraitzen dute: "Unean argi ikusi genuen ertzainak norbaiten zain zeudela, Jare Kuartela eguna izanik eta inolako arazorik gabe eguna pasa ostean. Horretaz gain, zergatik ez gintuzten identifikatu? Gure parean suertatu ginen baina edonor izan zitekeen".

GOIENAk, bestalde, gertaera horren gainean galdetu du Ertzaintzan eta horren berririk ez dutela adierazi dute, "horrelako gertaerarik jasotzen duen aktuaziorik ez" dagoela asteburuko gertaeren artean.

Jare Kuartela herri ekimeneko kideek esan dute ez dutela gertaera horren gaineko irakurketarik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak