Nesken finala oso parekatua izan da. Gipuzkoarren, une askotan, lau goleko errenta izan dute, baina bukaerako urduritasunak tarteko, bizkaitarrek berdinketa lortu dute, arauzko 50 minutuak bukatu direnerako: 18-18. Luzapeneko bost minutuetan ere berdinketa izan da nagusi, eta gol bakarra lortu dute bi taldeek: 19-19.
Hori horrela, penalti jaurtiketatan erabaki da finala. Gipuzkoarrek hiru penaltiak sartu dituzte, eta bizkaitarrek, azkena hutsegin dute.
Nafarrak, hobeto
Mutilen finalean aldiz, Nafarroak erakutsi du nagusitasuna, hasierako minututik. Zazpi goleko errenta zabaldu du markagailuan, eta bazirudien aise irabaziko zuela finala. Bada, bigarren zatian, erosoago jokatu du Gipuzkoak, eta markagailuan asko hurbildu da. Dena den, azkenean, ezin izan dute saria lortu.
Goizean, kanporaketak
Arratsaldeko finalak erabakitzeko, goizean kanporaketak jokatu dituzte. Mutiletan, Gipuzkoak 33-11 menderatu du Araba; eta Bizkaiak 19-22 Nafarroa. Hirugarren eta laugarren postuetarako lehian bizkaitarrak izan dira hobeak, eta 34-11 irabazi diote Arabari.
Nesketan, Bizkaiak 26-20 irabazi du Nafarroaren kontra; eta Gipuzkoak 25-11 Arabaren kontra. Nafarroak aise irabazi du hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidua: 40-11, Arabaren kontra.
Bi oñatiar, Gipuzkoako selekzioarekin
Aloña Mendiko jokalari Ainhoa eta Maialen Anduaga ahizpek jantzi dute Gipuzkoako selekzioaren elastikoa. Minutu dezente jokatu dituzte, eta oso pozik zeuden bizi izandako esperientziarekin. "Oñatin jokatzea, etxekoen aurrean, Gipuzkoako selekzioarekin ederra izan da. Urduri ere egon gara, baina esperientzia itzela izan da", esan dute bukaeran.
Zozketa
Bestalde, Corpusetako txapelketa honen harira, eskubaloi sailak boletoak saldu ditu, eta bi finalen artean egin dute zozketa. Saritutako zenbakia 08559 izan da.