Izaro Elorza da Oñatiko alkate berria, zumitzezko txibita hartuta

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko eka. 15a, 14:41

Mikel Biainek eman dio eskura zumitzezko txibita Izaro Elorzari. Senideez, herritarrez eta alderdikideez bete da osoko bilkuren aretoan eguerdiko ekitaldian eta euren aurrean egin diote zin karguari udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotziek.

Protokoloari jarraituz, Adinekoen Mahaia osatuta hasi da gaurko udalbatza eratzeko ekitaldia. Bixente Urrutia eta Iker Oñate osaba-ilobek osatu dute, udalbatza berriko kide nagusienak eta gazteenak, alegia, eta zinegotzien kredentzialak konprobatuta eratu dute udalbatza. "Legeak halan behartuta, zin dagit" esanez hartu dute kargua EH Bilduko zinegotziek eta "legeak halan behartuta, aginduko dut" esanaz EAJkoek.

Karguen zina eginda, alkatea aukeratzeko bozketa egin dute horren segidan. Bozketa hori sekretua izan ohi da Oñatin, eta, ohiturari jarraituz, horrela egin dute gaur ere. Txartelak banatu dituzte eta alkategai bakoitzak izan dituen botoak zenbatu gero: hamar boto lortu ditu Izaro Elorzak eta zazpi Ainhoa Galdosek. Hala, Izaro Elorza Arregi aukeratu dute agintaldi berriko alkate. Txalo zaparrada luzea egin dute osoko bilkurara joan diren herritarrek. Hunkituta bizi izan du momentua Elorzak.

Eskerrak ematen hasi du hitz eta jarduna alkate berriak eta etxekoak aipatu ditu lehendabizi. Alderdikideak eta herritarrak ere gogoan izan ditu, eta aipamen berezia egin die berarekin batera udalbatza osatzen duten beste kideei, euren izenak banan banan aipatuta. Oposizioa ere izan du kontutan, elkarlanean Oñati herri justuago eta parekideago bat izateko lana egiteko prest daudela esanaz.

Oposizioan egongo den EAJ alderdiko zerrendaburuak, Ainhoa Galdosek ere hartu du hitza eta alkate berria eta Oñatiko EH Bildu zoriondu ditu, eta eskerrak eman die bere alderdikideei. Udal Gobernuarekin batera lanerako prest daudela esan du Galdosek.

Udalbatza eratzeko ekitaldia bukatuta, talde argazkia atera dute 17 zinegotziek eta kontzejupera jaitsi dira eskaileretan behera txistulariek alkate doinua jotzen zuten bitartean. Bi dantzarik aurreskua egin diete udalbatza berriko kideei.

Erlazionatuak

Oñatiko udalbatza berriaren eraketa, argazkitan

Oihana Elorza Gorostiza 2019 eka 15 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak