Bihar eratuko da Oñatiko udalbatza berria

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko eka. 14a, 08:48

Zinegotzien eserlekuak, hutsik

Agintaldi berriko udalbatzaren eraketa ekitaldia egingo dute bihar eguerdian osoko bilkuren aretoan eta udal ordezkari karguaren zina egingo dute aukeratuak izan diren hamazazpi herritarrek. Biainek Elorzari pasako dio zumitzezko txibita.

Eguerdian, 12:00etan, izango da, bihar, zapatua, 2019-2023 agintaldiko udalbatzaren eraketa ekitaldia. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo da, herritarren aurrean.

Zehaztutako protokoloa

Ekitaldi horrek berezko protokoloa du eta hori jarraituko dute bihar ere udalbatza osatuko duten zinegotzi berriek. Adinekoen Mahaia osatzea da lehen eginbeharra. Bixente Urrutia Elexpuru (Oñati, 1952) eta Iker Oñate Aiastui (Oñati, 1994) dira zinegotzi hautatuen artean zaharrena eta gazteena eta euren ardura izango da kargua hartuko duten zinegotzi guztien kredentzialak hartu eta ondo dauden ziurtatzea. Segidan, zinegotzi berrien egiaztagiriak onartu behar dira: ondasun eta balioen ziurtagiriak, batetik, eta euren lanbidea edo ohiko jarduna zinegotzi izatearekin bateragarria dela ziurtatzen duen agiria, bestetik. Kargua hartzerakoan erantzun behar dioten galdera egingo die gero idazkariak zinegotzi berriei eta alderdi bakoitzaren zerrendaburuei Udalaren ondasun txostena entregatuko die.

Bozketa izango da bigarren pausoa: alderdietako zerrendaburuen bozketa. Bozketa hori sekretua izan ohi da Oñatin, eta, ohiturari jarraituz, horrela egingo dute bihar ere. Txartelak banatuko dituzte eta alkategai bakoitzak izan dituen botoak zenbatuko dira gero. Bederatzi boto edo gehiago dituen hautagaia izango da hurrengo alkatea. Alkate berriaren izendapenarekin batera, zumitzezko txibita, zumitzarekin egindako borobilean lotutako makila fina, emango dio azken agintaldian alkate izan denak berriari. Bihar ez da sorpresa handirik egongo: gehiengo absolutua izanda, EH Bilduko zerrendaburua hautatuko dute alkate eta Mikel Biainek Izaro Elorzari emango dio herriko agintea adierazten duen txibita. Alkatez alkate pasatzen den aginte ikurra da zumitzezko uztai hori.

Ekitaldi jendetsua

Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo da biharko ekitaldia, eta, ziurrenik, herritar asko joango da zuzenean ikustera. Ohikoa da zinegotzi berrien eta izandakoen senide eta lagunak osoko bilkuren aretoan egotea.Egongo direnak, duda barik, zinegotzi kargua hartuko duten hamazazpi herritarrak izango dira. Udalbatza eratzeko ekitaldian, aurrekoetan moduan, hitza hartuko dute alderdi bietako zerrendaburuek. Alkate izenda-tuko duten Izaro Elorzak, esaterako, herritarrei, etxekoei eta taldekideei eskerrak emanez hasiko du bere jarduna.

Demokrazia garaiko seigarren alkatea izango da Izaro Elorza Arregi. Elias Galdos Zubia, Anjel Iturbe Yarza, Andoni Gartzia Urtaza, Lourdes Idoiaga Urkia eta Mikel Biain Berraondo dira lehen bostak, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak