Zapatuan da Jare Kuartela eguna

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko eka. 14a, 09:37

Guardia Zibilari Oñatiko kuartela uzteko eta eraikin hori herritarren eskura gelditzeko, batetik, eta, bestetik, politikari eta erakundeei gai honetan "serio" inplika daitezen eskatuko dute zapatuko Jare Kuartela egunean, festa itxura hartu duen herri ekimeneko aldarrikapen egunean. Argazkirako dei berezia egin dute.

Guardia Zibila Oñatiko kuarteletik joateko eta eraikin hori uzteko eskaera egingo dute zapatuan Oñatin, jai giroan. Foruen plazan izango dira antolatutako ekitaldiak eguerditik iluntzera bitartean, eta gauean, zuzeneko musika emanaldiak egongo dira gaztetxean.

Aldarrikapena

Jare Kuartela herri ekimenak Guardia Zibilak Oñatin duen kuartela uztea aldarrikatu gura du, eta erakundeei, politikariei, eskatu gai honetan "serio" inplikatzeko. Duela hilabete sinadura bilketa jarri zuten martxan eskaera horrekin, eta biharko antolatu duten festan bukatuko da.

Foruen plaza izango da aldarrikapen tokia eta hantxe egingo dira Jare Kuartela Eguneko ekintza gehienak. Eguerdian, 12:00etan, ardo dastatzea egongo da herriko ardo ekoizle eta banatzaileen eskutik. Ardoarekin batera herriko gazta egile bik etxean egindako gazta eramango dute ardoarekin batera jateko. Ondoren, argazki erraldoia aterako dute. Herriko hainbat sozietatek, gainera, pintxoak prestatuko dituzte: txanpiñoiak, haragi-bolak, okela tomatearekin eta paella, adibidez. Aurretik, Jare Kuartela herri ekimenarekin eta bere eskaerarekin bat egiten dutenen "talde argazki erraldoia" atera gura dute, eta herritarrei dei egin diete 13:30era-ko plazara gerturatzeko. Arratsaldean, jolasak eta kale animazioa egongo dira plaza inguruan eta gauean, kontzertuak gaztetxean. (Egitarau osoa agendan dago)

Politikariekin bilerak

Maiatzean abiarazitako sinadura bilketa "martxa onean" doala adierazi dute Jare Kuartela ekimeneko kideek, eta sinadura horiek politikariei entregatuko dizkietela, zapatu eguerdian aterako argazkiarekin batera. Datozen asteetan egingo dituzte bilerak herriko udal ordezkariekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak