Olakuako jaietako lehenengo gauean, bertakoak eta kanpokoak, gaztetasunak eta esperientziak, denek egin zuten bat agertoki gainean. Lee-Kore oñatiarrak izan ziren gauari hasiera emateko ardura izan zutenak, eta Aretxabaletako Txerrikumeak taldeak jarraitu zuen kontzertu sortarekin. Eta honezkero aurkezpen gutxi behar duten bi talderen txanda izan zen ondoren: Governorsena, eta, ordu txikiak arte dena eman zuen Txapelpunkena. Heavy, rock eta punk doinu gogorren bila Olakuara joan zena, aseta itzuliko zen etxera.
Gaur gauean, bestelako musika izango da nagusi. 19:00etan erraldoien eta buruhandien kalejira izango da, eta ordu berean hasiko dira lanean talogileak. 20:30ean, aldiz, dantza egitea gustuko dutenek horretarako aukera aparta izango dute Obenuke taldearen erromeriarekin. Eta hori gutxi balitz, Iruñerria DJak ere jarriko du musika.